Bukatutzat eman dituzte Amute kaleko lanak
Antolamendutik kanpo zegoen etxe bat eraitsi eta ingurua egokitzeko lanak egin dituzte. Horiek burutzeko, gainera, aurreikusitako denbora baino gutxiago behar izan dute.
Martxoan hasi eta irailean bukatu dira Amute kaleko lanak. Lehenengo Amute 29an zegoen etxea eraitsi zuten eta ondoren, ingurua egokitzeko lanak egin dituzte. Horiek, gainera, aurreikusitako data baino lehenago bukatu dituzte. Soilik zuhaitzak landatzea falta dela jakinarazi dute. Egiteko hori hil bukaeran egingo dute: sustraiek lurra hobeto har dezaten.
Udalak gogoratu duenez antolamendutik kanpo zegoen bertan kokatutako etxea eta ondorioz eraikina bota eta espazioa berrantolatu egin du udalak. Oinezko eta bizikletentzako bideak egokitu eta auzoarentzako espazio libre bat sortu dute, egonaldietarako bankuak ezarriz.
Gaur goizean auzo elkarteko kideekin elkartu dira lanen balorazioa egiteko. Auzotarrek esandakoak aintzat hartuko dituztela adierazi du Estitxu Urtizberea Hirigintza zinegotziak, “eremua ahalik eta egokien gera dadin”.