Euskararen erabilera planari, jarraipena
Udaleko Euskararen Erabilera Normalizatzeko planari jarraipena egiteko lehen batzordea egin zuten atzo.
Maiatzean onartu zuten Udaleko Euskararen Erabilera Normalizatzeko plana. Udalean indarrean dagoen zazpigarren plangintzaldia da, baina lehenengo aldia da haren lanketa egiteko batzorde bat osatzen dutena. Aste honetan egin dute lehenengo bilkura, eta bertan, batzordearen osaketa, koordinazioa eta gidaritza finkatu zuten, erabilera plana udaleko departamentu guztietara zabaltzeko, baliabideak antolatzeko eta jarraipena egiteko helburuarekin.
«Badugu lana aurretik», adierazi zuen Garoa Lekuona Euskara zinegotziak batzordea bukatutakoan, baina gobernu taldearentzat estrategikoa den erabilera plana aurrera eramateko ilusio handiarekin daudela baietsi zuen.
Lekuonak gidatu zuen jarraipen batzordea, Karmelo Goikoetxea teknikariarekin batera. Bertan izan ziren udal arloetako zerbitzuburuak eta teknikoak.