Osasun Bidasoa plataforma, konfiantzatsu
Irailaren 25ean elkartu zen Alberto Martinez Osasun sailburua Osasun Bidasoa Plataformako ordezkariekin. Irun Zentroko anbulatorioa bisitatu zuten.
Gaur goizean jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak Alberto Martinez Osasun sailburua Irungo eta Hondarribiko alkateekin bildu zela atzo eskualdeko egoera hobetzeko pausoak emateko. Honakoa, baina, ez da sailburuak izan duen bilera bakarra. Udal agintariekin bilera egin baino lehen Bidasoko ESIko profesionalekin elkartu zen eta irailaren 25ean Osasun Bidasoa plataformako ordezkariekin.
Pauso sendoak ematen ari da sailburu berria eta itxaropenerako ateak zabaldu ditu. Plataformako kideen laguntzarekin Irun Zentroko anbulatorioa bisitatu zuen eta bertako instalazioen prekarietatea bertatik bertara ikusi zuen. Plataformako kideek esan dutenez egun hartan jakin zuen eraikinaren kanpoko barrakoiak duela 4 urte baino gehiagotik mantentzen direla bertan. Urriaren lehenean bigarren bisita bat egin zuen sailburuak Osakidetzako zuzendari nagusiarekin eta Eusko Jaurlaritzako Administrazio eta Finantzaketa sanitarioko sailburuordearekin. Anbulatorioa hobetzeko eta barrakoiak kentzeko konponbide bila bertaratu ziren.
Plataformako ordezkariek sailburuari lehentasunezko proposamenak zeintzuk diren jakinarazi zizkioten irailaren 25ean: Oinaurreko osasun zentroa eraikitzeko proiektuaren berehalako lizitazioa, inauguraziorako 3 urteko aurreikuspenarekin; Irun erdialdeko kongestioa arintzeko eta egungo barrakoiak kentzeko behin behineko lokalak bilatzea; gaur egun Dunboan lan egiten duten osasun publikoko profesionalen birkokapenari buruzko balorazioa; eta eskualdeko ospitaleko ebakuntza-gelak berritzeko obren lizitazioa aldi baterako etetea, Bidasoarako Osasun-Azpiegituren Plana adostasunez zehaztu arte.
Finean, Oinaurreko zentroa eta Bidasoa Ospitalean eraikin erantsi bat eraikitzeak egungo espazio arazoak konpontzea ahalbidetuko lukeela uste du Osasun Bidasoak, beste zentro baten beharrik gabe. Eta hortaz gain, dauden anbulatorioak hobetzea eta berritzea ere ezinbestekoa dela esan dute.
Mozioa
Irungo Udalbatzak mozio bat onartu zuen iraileko udalbatzan Osasun sailari Oinaurreko osasun zentroa berehala eraikitzeko eskatuz eta hirian osasun arreta ahalbidetuko duten balizko ekipamendu berrietarako “irtenbide erreal eta adostuak” bilatzeko. Osasun sailak mozio horri erantzuna eman dio gaurkoan. Gaur goizean iragarri baitute etorkizuneko plan integral bat diseinatzeko eta gauzatzeko oinarriak ezarri dituztela.
1. Bidasoa Ospitalean eraikin erantsi bat eraikitzea. Aparkalekuan egongo litzateke, sarrera nagusiaren parean, eta egungo eraikinarekin lotuta egongo litzateke. Ebakuntza-gela berrietarako edukiera izango luke, eta kanpo-kontsultak handituko lituzke. Kanpo-kontsultetako erabiltzaileek ospitaleratzeetatik
bereizitako sarrera izango lukete. Ospitalea oso ondo komunikatuta dago Hondarribiarekin, eta Irungo hiriguneari itsatsita dago. Oso komunikazio ona du erdigunearekin, bai garraio publikoan, bai pribatuan. Bortziriekiko komunikazioa garraio publikoarekin ziurtatuta dago. Doako aparkalekua du, inguruko lurretan handitu daitekeena. Kanpo-kontsultak ospitalean bertan izateak osasun-langileak (medikuak, erizainak…) ospitale-zerbitzuekin koordinatzea erraztuko luke, eta Irungo erdialdean osasun-zentro handi bat eraikitzea saihestuko luke, kostuak murriztuz.
2. Bosgarren ospitalizazio-unitatea (21 ohe) eta ESIaren Zuzendaritza gaur egun dauden lekuan mantentzea. 2011n inauguratutako instalazio horiek ospitaleko berrienak eta hobekien hornitutakoak dira.
Irun Zentroko anbulatorioa dagoen lekuan mantentzea. Hirigunetik oso gertu dago, eta Anaka eta San Migel auzotarren irisgarritasuna hobetu egingo da trenbide geltoki berritik oinezkoen pasabidea inauguratzen denean. Irun Zentroko 5-7 mediku, erizain eta administrari Oinaurreko osasun-zentro berrira joatea. Atzeko patioa handitzea (gaur egun barrakoiak dauden tokia), 5 solairutan eraikitako 1.500 metro karratuko eraikin baten bidez. Ondoren, egungo eraikina solairuz solairu birgaitu ahal izango litzateke, instalazioak eguneratzeko eta arreta- guneak berrantolatzeko.
3. Dunboako arreta-guneak handitzea. Osasun Publikoko profesionalak birkokatzea. Gaur egun okupatzen duten espazioa osasun-arretako eremu bihurtzea. Dunboa mantentzea medikuntzako, erizaintzako eta administrazioko 15 miniekiporekin, eta 4 miniekipo Oinaurrera mugitzea. Zerbitzuak eta ordutegiak hobetzeko aukera.
4. Hondarribiko osasun-zentroa handitzea. Gaur egun gutxiegi erabiltzen diren Marinako Gizarte Institutuaren alboko instalazioak erabiliz, zerbitzuak handitzeko aukera dago.
6. Kontsulta espezializatuetako batzuk 4 osasun-zentroetara hurbiltzea. Gaur egun, ginekologiako eta obstetriziako kontsultak bakarrik artatzen dira osasun- zentroetan. Irun Zentroan traumatologiako kontsulta bat dago, eta Otorrinorako hornitutako kontsulta bat ere badago, berreskuratu daitekeena. Etorkizuneko 4 osasun-zentroetan kontsulta-espazioa gordetzea proposatzen da, ospitalera joan beharrik ez duten kontsulta espezializatuei erantzun ahal izateko. Adibidez, astean behin kardiologia, kirurgia, digestibo, pneumologia eta abarreko kontsulta zentro bakoitzean.
7. Irungo ospitale zaharraren orubean espezialitate-zentro bat jartzeko aukera baloratzea. Orube hau Dunboako osasun-zentrotik oinez 5 minutu eskasera dago. Bere kokapena dela eta, ez dirudi egokia denik Irun Zentro anbulatorioa hara eramatea, eta arreta ematen dien herritarrengandik aldentzea. Epe luzera, espazio horretan tamaina ertaineko espezialitate-zentro bat eraikitzea plantea liteke. Zentro horrek Osasun Mentaleko, Osasun Publikoko, Ikuskaritza Medikoko, erradiologia konbentzionaleko, ekogra etako, OTAko edo erresonantziako eta beste kontsulta espezializatu batzuetako profesionalak har litzake.