Emakume Futbolarien I. Nazioarteko Kongresua jasoko du Ficobak
Azaroaren 21etik 22ra izango da eta izena eman daiteke jada. Futbolean dagoen "genero arrakala" murriztea izango da topaketaren xedeetako bat.
Emakume Futbolarien Nazioarteko Lehenengo Kongresua Ficoban egingo da azaroaren 21ean eta 22an. Helburua, emakumeen futbolaren egungo erronka eta aukerak jorratzea izango da, eta horretarako, nazioartean ezagunak diren kirolariak bertaratuko dira. Esate baterako, Natalia Arroyo, Lola Romero edo Eli Pinedo izango dira Irungo erakustazokan. Futbolaren hazkundeari eta bilakaerari buruzko esperientziak eta ikuspegiak partekatuko dituzte.
Programaren barruan, hiru mahai-inguru eta bost hitzaldi antolatu dituzte. Futbolean dagoen “genero arrakala” murriztea izango da topaketaren xedeetako bat, Goizane Alvarez Kirol diputatuaren esanetan. Ideiak eta esperientziak ere partekatuko dituzte, eta sareak sortzera bultzatu.
Alvarezek nabarmendu du horrelako foroak antolatzea “ezinbestekoa” dela eta aukera ematen dutela “helburu bikoitz baterantz aurrera egiteko”. Izan ere, kirolari hauen kirol ibilbidea mailarik gorenera eraman duten emakumeei ahotsa emanda, kirolari horiek bihurtzen dira emakumezko “erreferenteak, ez normatiboak, eta neskato eta nerabeen jarrerak, ametsak eta ibilbideak inspiratzen dituzte”. Horren ondorioz, oinarrizko kirolean dagoen genero arrakala murriztu egiten da.
Futbolariez gain, beste sektore batzuetako profesionalek ere hitz egingo dute, hala nola, psikologoak, kazetariak eta medikuak, eta esperientziak partekatzeaz gain, kirol honen hazkundeari eta bilakaerari buruzko ikuspegiak partekatuko dituzte.Programa “osatua” dela azaldu dute antolatzaileek eta zehazki diseinatu dutela hausnarketa egiteko emakumeen futbolari ikusgarritasuna eta profesionalizazioa eskaintzeko.
Landuko dituzten gai orokorren artean, emakumeen futboleko lesio arriskua, emakumezko entrenatzaileak, talde teknikoak eta arbitrajea, entrenamendua eliteko futbolean, emozioen jasangarritasuna futbolean, erronkak eta aukerak mundu mailako futbolean, sexu indarkeria eta botere abusuak futbolean, eta erakundeak eta emakumezkoen futbola.
Bertaratzeko plaza kopurua mugatua da eta izena eman behar da orrialde honen bitartez. Webgune horretan bertan ere kontsulta daiteke programazioa.