Bidasoa eskualderako plan integralaren oinarriak ezarri dituzte
Alberto Martinez Osasun sailburuarekin bildu ziren atzo Cristina Laborda eta Igor Enparan alkateak. Lehen mailako arreta zerbitzua, espezialitateak eta ospitale zerbitzua hobetuko dituen plan baten oinarriak ezarri zituzten.
Cristina Laborda eta Igor Enparan, Irungo eta Hondarribiko alkateak, Alberto Martinez Osasun sailburuarekin bildu ziren atzo. Lore Bilbao, Administrazio eta Finantzaketa sanitarioko sailburuordea eta Susana Lopez, Osakidetzako zuzendari nagusia ere bertan izan ziren.
Bilera horretan herritarren beharrak kontuan hartuko dituen etorkizuneko plan integral bat diseinatzeko eta gauzatzeko oinarriak ezarri zituzten. Azaldu dutenez osasun plan funtzional berri baten bidez datozen asistentzia zuzkidurak antolatzea da osasun sailaren asmoa, lehen mailako arreta zerbitzua, espezialitateak eta ospitale zerbitzua hobetzeko.
Planak honakoak jasoko ditu: Eskualdeko Ospitalea hobetzea, ebakuntza gelak (erreanimazio eremua barne) berehala birmoldatzeko konpromisoarekin. Oinaurre auzoan osasun zentro berri bat eraikitzea (2025eko aurrekontuetan jasoko da osasun zentro horren eraikuntza proiektua), Irungo erdigunean kokatuko den anbulatorio handi berri bat eraikitzea (Osasun sailak kokaleku posibleak aztertuko ditu), eta Irungo Dunboako eta Hondarribiko anbulatorioetako jarduerak eustea. Plana diseinatzeko eta gauzatzeko bide orria adostuta, Osakidetzak, Irungo Udalak eta Hondarribiko Udalak ondutako hitzarmena sinatuko dute.
Udal agintariekin bilera egin baino lehen Bidasoko ESIko profesionalekin elkartu zirela adierazi du osasun sailak, eskualdeko beharren inguruko ikuspegia ezagutzeko.