'24 Emakume zientzia, arte eta letretan' erakusketa Hondarribira heldu da
Urriaren 28ra arte egongo da erakusketa ikusgai Erreginaren baluartearen pean. Urriaren 25erako, berriz, solasaldi bat prestatu du udalak.
Gaurtik hilaren 28ra bitarte zientziaren, artearen eta letren esparruan goi mailako adituak diren 24 emakume ezagutzeko erakusketa izango da ikusgai. Harresilanda kalean kokatu dute 24 Emakume zientzia, arte eta letretan erakusketa, Erreginaren baluartearen pean, hiriko erdigunetik ihesi, baina haurrengatik eta joan etorrian dauden herritarrengandik gertu. Hori baita erakusketa honen helburua, ezagutza gizarteratzea eta gazteen eredu bilakatzea.
Jakiundek -Zientzia, arte eta letren akademiak- sortutako erakusketa da. Akademiak 109 kide ditu eta horien herena dira emakumeak. “Askotan gertatzen da emakumeek lan egiten dutela, baina gero ez dutela oihartzun handia izaten” azaldu du Jakiundeko idazkari nagusia den Jakeline Barkerrek. Horregatik erabaki zuten erakusketa sortzea: lan horien ispilua gizartean ikustarazteko.
Erakusketa honen jatorria egutegi batean dagoela aipatu du Barkerrek. Lehen egutegia 2022an plazaratu zuten eta ordutik beste bi argitaratu dituzte. Ikusgai dagoen erakusketak 2022ko eta 2023 egutegietan azaldu ziren Jakiundeko kide diren emakumeak jasotzen ditu. Egutegia jendearen arreta bereganatzeko apustu bat izan zela azaldu du idazkari nagusiak: “Jakiunde zientzia, arte eta letren akademia da eta badirudi egutegia dela zerbait oso mundanoa, ez dela horrelako akademia baten eginkizuna egutegi bat plazaratzea. Baina pentsatu genuen egutegi bat esku artean edukitzean egunero ematen diozula arreta, eta argazkiekin batera gure mezua plazaratu genuen”. 24 emakumeren historiak plazaratu dituzte, baina horiek adibide bat baino ez direla nabarmendu du Barkerrek. Eredu modura aukeratu dituzte, argazkien bitartez eta beren lana zein den adieraziz, gazteek jarraitu ditzaketen rolak existitzen direla erakustarazteko.
Jakiunderen helburuetako bat ezagutza gizarteratzea denez erakusketa ibiltaria sortu dute. Euskal Herriko txoko askotatik igaro da erakusketa. 2024ko otsailean San Telmo museoaren aurrean (Zuloaga plazan) aurkeztu zuten, eta ordutik Bergarako Laboratoriumen jardinean (Gipuzkoa), Lehioako EHUren kanpusean (Bizkaia), Deustuko Unibertsitatean (Bizkaia), Iruñeako Carlos III.naren etorbidean (Nafarroa) eta Uxuen (Nafarroa) izan da.
Solasaldia
Udaletxean Jakiunderen proposamena jaso eta berehala begi onez ikusi zutela azaldu du Ortzi Alonso kultura zinegotziak erakusketaren aurkezpenean. Oraindik horrelako lanak egin beharrean daudela adierazi du: “Kontziente gara jakintzari lotutako emakumeen sozializazioan arrakala bat dagoela, eta horrelako pausoak eman behar ditugula”. Zentzu horretan, orain arteko lanari jarraipena emanez, emakume adituen irudia indartzen eta dagokien lekua ematen ahaleginduko direla adierazi du.
Zentzu berean aridu da Maddi Carton udal teknikaria. Cartonek azaldu duenez kultura sailean urte guztian zehar saiatzen dira protagonistei eta beren lanei lekua egiten, eta honakoa horren adibide da.
Erakusketaz gain Joanak joan, etorkizun kontakizun izena duen solasaldia prestatu du udalak. Urriaren 25ean izango da, Kultur Etxeko aretoan, 19:00etan. Kaleko erakusketan parte hartzen duten hiru emakume oholtzaratuko dira: Mariasun Landa idazlea, Aran Gacia fisikaria eta Oihana Otaegi ingeniaria. Zientzian, artean eta letretan emakumeen presentziaz eta egungo egoeraz arituko dira solasean.