Gobernuz Kanpoko Erakundeen lana, azokara
Giza eskubideen defentsan aktiboki parte hartzen duten 22 erakunde izango dira igandeko azokan. Feriarekin batera, tailerrak eta musika izango dira.
Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundearen azoka Irunera iritsiko da bihar (hilak 29). “Bake eta bizikidetzaren aldeko kultura bat sustatzeko” asmoa duen azoka jasoko du Zabaltza plaza, goizez. 11:00etatik 13:30era izango da. Bertan, garapenerako lankidetzan eta hezkuntzan eta giza eskubideen defentsan aktiboki parte hartzen duten 22 erakunde izango dira, haien lana gertuagotik ezagutzeko.
Igandeko azokaren helburua “erakunde bakoitzaren proiektu eta jarduerei buruzko informazioa ematea” da, eta bidez batez, “irundarrei azaltzea zer nolako egoeran dauden hainbat herrialde eta herri, hala nola Bolivia, Guatemala, El Salvador, Kolonbia, Paraguai, Ruanda, Togo edo Etiopia”.
Azokan erakunde hauek sortutako lankidetza proiektuak aurkeztuko dituzte, baina horrez gain, argazki erakusketak, artisautzako produktuen eta kamisetan salmenta proiekzioak, dastaketak edota txapak egiteko tailerrak izango dira, besteak bete. Erakunde hauek hainbat herrialdeetan egiten duten lana gertutik ezagutzeko aukera emango dute jarriko dituzten erakusmahaietan. Eta azoka goxatzeko dantzatzeko eta musikaz gozatzeko aukera izango da: goiz-goizean Koroma eta Aishiba jamaikar dantza urbanoko tailer bat eskainiko dute. Eguerdian, Grupo de danza nuestras raices izeneko taldeak emanaldia eskainiko du. Ondoren, Novici percusion talde afrikarraren txanda izango da.
Erakunde hauez gain, beste entitate batzuk ere bertan izango dira, Irunen egoitza izan ez arren, udalak babesten dituen lankidetza proiektu batzuk, “udalerriarekin lotura estua dutenak” udaleko iturrien arabera.
Sandra Caballero Gizarte Ongizateko ordezkariak adierazi du Irungo Udalak “benetako bake eta bizikidetza kultura garatu beharrean sinisten duelako” egiten duela jarduera hau. “Beronen helburu nagusietako bat herritarrei Irungo Udalak diruz laguntzen dituen garapen proiektuen berri ematea da, eta eskualdeko eta Euskal Herriko garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek garapenerako lankidetzaren esparruan egiten duten lana erakustea, gertutik, proiektuetan parte hartzen duten boluntarioen bitartez”, esan du.
Honako 22 GKEek izango dira azokan: Helduak, Freytter, Etiopiautopia, Fundacion Vicente Ferrer, Asamblea Coopercion por la paz, Doa, Tadamun, Txingudi Vida Solidaria Internacional, Emigrados sin fronteras, Oscar Romero, Zaporeak, FISC Euskal Herria, Asociacion aydemos a un niño, Adeco, Enraiza Derechos Gipuzkoa, Behar Bidasoa, Egoaizia, Lankidetzarako Ingeniaritza, Salvamento Maritimo Humanitario, Taupadak eta Chiapas Enea.