Irungo segurtasuna eta bizikidetzaren aldeko azken neurriak aurkeztu dituzte
Astelehenean bildu zen batzorde iraunkorra. 2024ko lehen seihilekoan bildutako datuak "aipagarriak" direla jakinarazi dute.
Herritarren Segurtasunaren eta Bizikidetzaren aldeko Batzordeak bilera egin zuen joan den astelehenean (hilak 23). 2023ko irailean ordezkaritza duten talde guztiek sinatutako itunaren barruan egin zuten bilkura. Batzar horren arabera, Cristina Laborda alkateak aipatu du “ezinbestekoa dela herritarrei entzutea eta segurtasunaren arloan inplikatutako eragile guztiekin hartzen ditugun neurrien berri ematea, bai eta, jakina, proposamenak eta iritziak jasotzea ere”, esan du. Osatu duten batzorde hori dagoeneko “emaitzak” ematen ari dela erantsi du, eta ezinbestekotzat jo du horretan jarraitzea “herritarrei konponbideak emateko, horrenbeste kezkatzen eta arduratzen gaituen gai horretan”.
Asteleheneko bilkuran “datu aipagarriak” aurkeztu zituzten: EAEko 50.000 biztanletik gorako gainerako udalerriekin alderatuta, arau hauste penalek %10,48ko jaitsiera izan dute. Ertzaintzaren ordezkariak atxiloketen gorakada nabarmendu zuen: 418 izan ziren iaz.
Landutako beste gaietako bat Irungo Udalak Hiriko Prebentzio eta Segurtasunerako Espainiako Foroa erakundera atxikitzeko asmoa duela izan zen. Sare horrek hiriak eta eskualdeak biltzen ditu, eta sareko eztabaidaguneak eta jardunbide egokien trukeak sustatzen ditu, segurtasun urbanoaren alorrean, “bizikidetzan edo antzeko gaietan hiriek dituzten erronkei aurre egiteko”. Horrez gain, Irungo Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetza espezifikorako hitzarmena ere positiboki baloratu zuten bilkuran.
Herritarren Segurtasun eta Bizikidetzaren Plan Estrategikoaren harira, bilkuran ere aipatu zuten abian dela Irungo bizikidetzaren eta segurtasunaren egoeraren diagnostikoa aholkularitza etxe espezializatu bati esleitzeko kontratazio publikoaren prozesua. Kontratuak bi urteko iraupena izango du eta 60.000 euroko aurrekontua izango du. Azarorako lanak esleituta eta plana idazteko prozesua martxan egotea espero du udalak. Plana osatzeko batzordean bertan inplikatutako eragile guztien parte hartzea “funtsezkoa” izango da udaleko iturrien arabera.
Asteleheneko bilkura bukatzeko, 2024ko oporretatik itzultzeko operazioaren balantzea egin zen. Helburu nagusia bete zela ondorioztatu dute: Santiago eta Behobia zeharkatu zituzten ibilgailuek ez zuten hiriaren erdigunea kolapsatu. “Nabarmentzeko da lankidetzarako borondatea eta giro ona izan zela Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren trafiko burutzaren artean”.