Hondarribiarren memorian geldituko diren 27 izen-abizen
1936-1939 tartean Francoren diktadurak kargugabetu zituen alkate, zinegotzi eta udal langileen omenez erreparazio ekitaldia egingo da Itsas Etxean urriaren 26an.
Francoren indar faxistek 1936an hartu zuten Hondarribia ere bai. Demokraziarekin harremana zuen dena eraitsi zuten kolpista horiek. Tartean, Hondarribiko Udaleko hautetsi zirenak, nahiz udal langileak zokoratu eta jazartu zituzten. Horiei denei aitortza eta erreparazio ekitaldia egingo die Hondarribiko Udalak urriaren 26an. Omenaldi instituzionala jasoko dute 1936-1939 aldian errepresaliatutako alkate, zinegotzi eta udal langileek Itsas Etxea auditoriumean, 12:00etan hasita. Hondarribiko Bizikidetza Batzordeak bultzatutako ekitaldia, aldi berean, errepresaliatu horien memoria berreskuratzeko herri ekitaldia izanen da. Hondarribiarren memorian geldituko diren 27 izen-abizen lehen lerrora eramango dituzte.
Gaur, agerraldi bidez, jakinarazi dute zer eta zergatik egingo duten urriaren 26an. Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako ordezkariek prentsaurrekoa egin dute. Josu Peña (Abotsanitz), Gonzalo Carrion (EAJ), Garoa Lekuona (EH Bildu) eta Josu Alvarez (PSE-EE) arduratu dira xehetasunak emateaz. Jakinarazi dute urriko azken larunbat horretakoa ez dela izango ekintza isolatua, 2024-2025 urteen artean memoria historikoa berreskuratzeko hainbat jarduera egitea baita Bizikidetza Batzordearen desioa. “Memoria Demokratikoari dagokion urriaren 19ko 20/2022 Legea kontuan hartuta, 1936ko estatu kolpetik, gerran eta 40 urteko diktadura garaian Hondarribian gertatutakoari buruzko ezagutza sustatzen jarraitu nahi du udalak, giza eskubideen urraketak eta jasandako bidegabekeriak salatuz eta bizi izandako penak aitortuz”.
Hautetsiek zehaztu dute 27 pertsona izan zirela, 1936ko estatu kolpearen ondoren, udaleko zinegotzi eta langile erantzukizun eta eginkizunetatik indarrez kendu zituztenak. “Hori dela-eta, Hondarribiko Udalak, alderdi politiko guztien babesarekin, omenaldia antolatu du urriaren 26rako, pertsona horien guztien duintasuna berrezartzeko”. Hara omendutako pertsonen senideak gonbidatuak izan dira, eta erreparazio-aktak emango dizkiete.
Lan sakona egin behar izan da pertsona horien guztien zerrenda osatu, haien senide edo hurbilekoengana iritsi, eta ekitaldirako gonbita egiteko. Lan horretan Fermin Olaskoagaren ekarpena ezinbesteko izan dela zehaztu dute udaleko kideek. “Eskerrak eman nahi dizkiogu gure hiriko familien inguruan egindako lan eskerga eta eskuzabalagatik. Ekarpen horiek egin ezean, nekez burutu ahal izango genuke era honetako aitortzarik”. Gainera, Hondarribiko memoria historikoaren ezagutza zabaltze aldera egiten ari diren lan eta aholkularitzagatik Joxerra Enparan, Aitzol Arroyo, Pedro Barruso eta Koldo Ortega historialariei eskerrak eman dizkiete gaurko eledunek.
Honakoak dira urriaren 26an omenduak izango diren pertsonak:
- Alkateak: Manuel Canoura Hernandorena eta Ramon Perez Perez.
- Zinegotziak: Floro Izagirre Agirrezabal, Juan Garmendia Iriazabal, Enrique Berrotaran Sagarzazu, Angel Urrutia Zuzuarregi, Pedro Alkain Berrotaran, Anselmo Salaberria Pikabea, Pedro Garcia Ortiz, Juan Telleria Larrea, eta Juan Jose Petit Ory.
- Udal langileak: Angel Telleria Zumalakarregi, Jose Miguel Etxaniz Arruti, Arturo Hernandez San Martin, Candido Ostolaza Garate, Antonio Bernedo Fernandez, Luis Telleria Larrea, Alberto Lasa Badiola, Jesus Zubeldia Garaño, Martin Goikoetxea Loidi, Francisco Sagrado Zubiaga, Antonio Tobalina Perez, Juan Tolosa Katarain, Jesus Sagrado Azurmendi, Ramon Kanpandegi Sagarzazu, Francisco Lapitz Kanpandegi eta Cayo Lasa Zabala.
Lan handia egin da aurreko zerrendako pertsona guztien senitarteetara iristeko, omenaldiaren berri eman eta euren parte hartzea eskatzeko. Baina badira oraindik kontaktua ezinezko izan diren kasuak. Haiei, udalarekin harremana egin dezatela eskatu diete, 685 70 00 32 telefono zenbakira deituz, edo posta elektroniko bidez.