«Gipuzkoakoan beti egon da oso maila ona, eta aurten ere hala da»
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako Lasarte-Oriako saioan aritu zen irundarra. Saio bikaina egin, eta final-laurdenetara igarotzeko itxaropentsu azaldu da.
Bihar (larunbata) Hondarribian jokatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetako saioetako bat. Itsas Etxean izango da, 17:00etatik aurrera. Ane Beloki, Aratz Igarzabal, Eneritz Artetxe, Maddi Aiestaran, Oier Aizpurua eta Unai Gaztelumendi arituko dira bertsotan. Urriaren 27an, berriz, Irunera iritsiko da txapelketa, final-laurdeneko saioa egingo dute Ficoban. Goiogana Lehen Hezkuntzako 6. mailan hasi zen bertsotan, eskolaz kanpoko jarduera gisa. Lagun batzuekin apuntatu, eta ordutik dozenaka bertso eskoletan aritu da. Egun, Irunabarreko kidea da.
Nola iritsi zinen final-zortzirenetara?
Egia esan, uste baino lasaiago iritsi nintzen sentsazio eta emozio aldetik. Udaberriko sailkapen fasea gogor samarra izaten da, edozeinek eman baitezake izena. Jende asko egoten da, eta nik behintzat presio handia jarri nion nire buruari. Udazkenean denek egiten dute bertsotan, beraz, presio gutxiago izaten dut. Aurrera egiten badut ondo, eta ez badut egiten ez da ezer gertatzen.
Lasarte-Oriako saioan nahiko ondo sentitu nintzen, eta gustura geratu nintzen egindako lanarekin. Sentsazioa dut landuta eta entrenatuta iritsi nintzela.
Laugarren izan zinen eta puntuazio ona jaso zenuen. Oraindik lehian jarraitzeko aukerak dituzu. Nola egingo zenioke aurre geratzen denari?
Hurrengo fasera pasako banintz Lasarte-Orian izan nuen tenplea edukitzea gustatuko litzaidake. Sinatuko nuke hangoa bezalako saio bat egitea. Hobetu nahi ditudan zenbait gauza identifikatuta dauzkat, baina gustura geratzeko saioa egin nuen. Era horretara kanpoan geratzea ez litzaidake axolako. Aldiz, min emango lidake ustez nire mailatik beherako saio bat egitea eta kanpoan geratzea. Aldea dago.
Nola prestatzen da bat halako saio batera joateko?
Gai desberdinak landuta eramatea inportantea da, diskurtso bat eraikita edukitzea. Ez dakizu zein gai tokatuko zaizun, eta gai ezberdinen aurrean posizionatu beharko zara. Baina hori, bizitzak berak erakusten dizu askotan. Gero ere teknikoki errimak lantzen dituzu, bertsoak idazten dituzu, eta batez ere bertsokideekin aritzen zara. Bertso saioak simulatzen ditugu. Gero eta gehiago, hobeto. Ez dago sekreturik.
Nolako sentsazioa da oholtza gainean egotea? Urduri jartzen al zara?
Urduri beti, eta uste dut gainera komeni dela pixka bat urduri egotea. Urduri beti, eta txapelketa batean gehixeago. 17:00etan hasten dira saioak, eta gu 16:00etarako aretoan izaten gara. Zozketa egin, bakoitza non eseriko den eta zein bikoterekin kantatuko dugun esaten digute. Eta gero, 40 minutu inguru geratzen gara seiok bakarrik. Une horretan tentsioa egoten da. Luze egiten dira minutu horiek.
Oholtzara ateratzean ez dituzu norbanakoak ikusten. Badakizu jende multzoa dagoela hor, baina ez zaude haiei begira. Abstraitu egin behar zara, zurera joan. Bestela, jendeari begira, joan egiten zara. Urdurien jarri naizen saioak jende gutxi egoten direnak izaten dira, abstraitzea zaila izaten delako.
Nolako maila dago aurten Gipuzkoakoan?
Oso handia. Gipuzkoakoan beti egon da oso maila ona, eta aurten ere hala da. Aurten, ordea, susmoa daukat 20-25 adin bueltako jendea oso indartsu datorrela. Aurreko txapelketak oso gazte harrapatu zituen belaunaldia da, eta beste diskurtso bat dute. Esperantza handiak ditut horiek urrutira iristeko. Feminismotik datozen bertsolari emakume gazteak dira batez ere. Saretuta daude, eta astean behin elkartzen dira. Lanketa handia dago atzetik eta ni asko pozten naiz. Gure saioa Amaia Iturriotzek irabazi zuen eta hurrengoa Oihana Aranak. Uste dut ez dela kasualitatea.
Gipuzkoan bertsogintza oso sustraitua egon da beti, eta aldatzea askoz ere gehiago kostatzen da. Batzuei kosta egin zaie aurrera egitea, baina aurreko Gipuzkoako Txapelketan hiru emakume pasa ziren finalera. Orduan, badut esperantza.
Plaza askotan ibilia zara. Nolakoak dira Irungo eta Hondarribiko plazak?
Irunen eta Hondarribian plaza mota ezberdin asko daude. Irunen Moskuko jaietan, Euskal Jiran, edo San Migueleko festetan kantatu izan dut. Kabigorri ere eduki genuen [Irunabarrek Bertso Gauak antolatu zituen bertan bederatzi urtez] eta horiek oso saio goxoak izaten ziren. Hondarribian bakarrik Muaran kantatu dut. Kabigorrin egiten zenaren antzeko zerbait sortu nahi izan zen, baina ez zuen funtzionatu. Bestela, soilik ikastetxeetan kantatu izan dut, motibazio saioetan edo Euskararen Egunean… Beste inon ez.
Hondarribiko eta Irungo Udalak ez diete aukerarik ematen bertakoei. Beraiek antolatzen dituzten saioetan ez duzu aurkituko ez irundar bat, ez hondarribiar bat ere. Eskualdeko bertso eskoletan badago bertsotan egiten duen jendea, eta inoiz ez dena kontuan hartu izan. Elkarte pribatuek beno… Baina udalek bertako jendeari tokitxo bat egin beharko liotekeela uste dut.