Manu Goiogana, laugarren Lasarte-Orian
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetako bigarren saioan parte hartu du bertsolari irundarrak.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetako bigarren saioa jokatu zen atzo Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean; lehena larunbatean izan zen, Urretxun. Han izan zen txapelketan den bidasoar bakarra, Manu Goiogana Bengoetxea: laugarren izan zen, 466,5 punturekin.
Saioaren irabazlea, beraz, final-laurdenetara zuzenean jauzi egin duen bertsolaria Amaia Iturriotz Etxaniz izan zen, 490,5 puntu lortuta. Haren atzetik bigarren Aner Peritz Manterola sailkatu zen (470 puntu), eta justu irundarraren aurretik, puntu erdi eskasera, Oier Etxeberria Zubimendi izan zen (467 puntu).
Txapelketaren araudiaren arabera, final-zortzirenetako zazpi saioetako irabazleek lortuko dute zuzenean final-laurdenetan izateko eskubidea. Lehen fasean puntuazio altuena duten beste hamazazpi iritsiko dira bigarren fasera, final-laurdenetara alegia. Hala, Goiogana zain izango da beste bost final-zortzirenetan izango diren puntuazioetara, ea txapelketan koska bat gora egiterik duen jakiteko.