Txingudi Errugbiko taldeak, lehiarako prest
Lehia ofiziala urriaren 5eko asteburuan hasiko da, eta denboraldi aurreko azken partidak jokatuko dituzte asteburu honetan Lekarozen. Aldi berean, Emakumeen Errugbi Eguna arrakastatsua izan zela adierazi du klubak.
Txingudi Errugbiko taldeak prest dira denboraldia hasteko. Euskal Ligak urriaren 5eko asteburuan hasiko dira, eta sasoiko lehen partida prestatzen jarraitzeko, Txingudiko taldeek azken lagunartekoak jokatuko dituzte asteburu honetan. Klubeko talde guztiak Lekarozen (Baztan) kontzentratuko dira larunbat eta igandean, eta bertan jokatuko dituzte azken lagunartekoak.
Berdegunera aterako diren lehenak 14 urtez azpiko jokalariak izango dira. Bera Bera eta La Unica taldeen kontra jokatuko dute larunbatean, 12:00etatik aurrera. Ondoren, 16 urtez azpiko taldearen txanda izango da, eta Bera Beraren aurka arituko dira. Partiden zerrenda luzeak arratsaldean izango du jarraipena gizonen talde nagusiaren norgehiagokarekin. Triangulatu bat jokatuko dute Iruña eta La Unica taldeen kontra, 16:00etatik aurrera.
Larunbat sutsuaren ondoren, 18 urtez azpiko taldeak itxiko du Lekarozko kontzentrazioa. Beren partida igandean izango da Zarautz-Beltzak taldearen kontra, 10:30etik aurrera. Emakumeen talde nagusiak, aldiz, ez du lagunartekorik jokatuko asteburu honetan.
Emakume Errugbi Eguna
Iragan larunbatean emakumeei begirako Emakume Errugbi Eguna antolatu zuen Txingudik, eta topaketa “arrakastatsua” izan zela adierazi du klubak. Goizean 40 emakume inguruk hartu zuten parte antolatu ziren jardueretan, eta klubaren babesle den Biok Experiential Shopping-ek opariak banatu zizkien Plaiaundira gerturatu ziren emakumeei. Goizeko jarduerak bukatuta, sabelak bete zituzten, eta bazkariaren ondoren, arratsaldeko ekintza nagusia hasi zen: emakumeen lehen taldeko lagunarteko partida.
Bidasoarrak Bera Bera-Ordizia taldearen aurka aritu ziren, eta bisitariak gailendu ziren (5-24). Partida horretan emakume askok Txingudirekin debuta egin zutela jakinarazi du klubak, eta denboraldi aurrean egindako lana berdegunean islatu zela gaineratu dute.