Mintzapraktikan izena emateko aukera zabalik dago
Mintzapraktikak zaletasun ezberdinen bueltan euskara praktikatzeko aukera ahalbidetzen du. Taldean sartzeko eman daiteke izena dagoeneko.
Mintzapraktikak, ikasturte osoan zehar zaletasun ezberdinen bueltan euskara praktikatzeko aukera ahalbidetzen du eta Eta euskaraz egiten badugu? lelopean hasi dute izen emate kanpaina.
Hondarribian 80 herritar inguru daude 14 taldetan banatuta, eta astero elkartzen dira herriko txoko ezberdinetan ekintza ezberdinak egiten dituzten bitartean euskaraz aritzeko. “Euskara praktikatzeko ez dugu gure gogoa besterik behar, eta, nola ez, beste edozein osagarrirekin lagundu dezakegu: Yogako esterila, kakorratza, mendiko botak, boxeoko eskularruak, bizikletak, mahai jolasak.. eta nahi adina ekintza ezberdin”.
Hain zuzen, bakoitzak erabaki dezake zer eginez aritu nahi duen euskaraz: “Hizkuntzaren erabileran jauzi bat egin behar dugun momentu honetan, oso azpimarragarria da Mintzapraktikak alor honetan egiten duen ekarpena: hiztegia aberasten, segurtasuna irabazten eta beldurrak uxatzen laguntzen die herritar askori, poliki-poliki bere egunerokotasunean euskara erabiltzera animatuz. Euskal hiztun berriak mingaina dantzan jartzera laguntzen ditu, ezagutza eta erabileraren arteko jauzi hori era progresiboan eta segurtasunez ematen lagunduz”, diote Mintzalagunekoek.
Izena emateko mezu bat idatzi behar da helbide honetara, edo 688 86 53 98 zenbakira deitu.