Aurten, Irun Hiria Krosik ez
BATen zuzendaritza taldeak "hainbat arrazoirengatik" hartu du erabakia. Hiru urtean behin egitea aztertzen ari dira.
Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) jakinarazi du aurten ez dela Irun Hiria Krosik izango. Kirol elkartearen zuzendari batzordeak zabaldu duen oharraren arabera, “hainbat arrazoigatik” utzi dute bertan behera aurtengoz kirol ekitaldi historikoa. 53 ekitaldi ditu beteak gaur arte.
Dena dela, ez dute baztertu aurrerago krosa antolatzea. Aztertzen ari dira lasterketa sorta —hainbat kategoriatako lasterketak egiten dituzte krosaren barruan— hiru urtean behin egitea, BATi Gipuzkoako Txapelketa antolatzea tokatzen zaionean alegia. Horretan haur mailetako nahiz kategoria federatuko kirolariek hartuko lukete parte. “Horrela, kirol ekitaldi honek merezi duen parte hartzea ziurtatuko genuke”, esan dute BATekoek.