Hainbat mozio biharko osoko bilkuran
Mozio esanguratsuenak osasungintzarekin, kiroldegietako ikastaroen matrikulazioarekin eta animalien ongizatearekin daude lotuta.
Bihar, hilak 27, iraileko osoko bilkura egingo da udaletxean, 09:30ean. Alde batetik, Irungo Udala Herritarren Prebentzio eta Segurtasunerako Espainiako Forumera eta Hiri Segurtasunerako Europako Forumera atxikitzeko proposamena landuko dute.
Bestalde, udal eta gizarte taldeek hainbat mozio erregistratu dituzte osoko bilkuran eztabaidatzeko. Horietako bi osasungintzarekin daude lotuta. Alderdi Popularrak, Irungo EH Bilduk eta Elkarrekin Irun Podemos, Ezker Anitza-IU eta Alianza Verde udal taldeek Bidasoa Ospitalean ospitalizazio unitate bat ixteari buruzko mozioa erregistratu dute. Irungo Sozialistek, aldiz, mozio alternatibo bat aurkeztu dute, Irungo osasun eta lehen mailako arretari buruzkoa.
Popularrek ere beste mozio bat erregistratu dute, honakoa: Irun Txartelaren digitalizazioa eta Irungo Udalaren baliabide digitalen irisgarritasuna hobetzekoa.
EAJ-PNVk eta Elkarrekin Irun Podemos, Ezker Anitza-IU eta Alianza Verdek mozio transakzionatu bat aurkeztu dute, kiroldegietako ikastaroetan matrikulatzeko sistemari buruzkoa. Irungo Aurreratu Elkarteak ere bat egin du mozio horrekin, eta jakinarazi dute hitza eskatuko dutela bihar desgaitasuna duten pertsonek azken 20 urteetan izan dituzten zerbitzuak mantentzeko. Aurreratuko kideek adierazi dute igeriketa egokitua egiteko ikastaroak murriztu dituztela, eta beren iradokizun eta kezkek erantzunik jaso ez dutela. Murrizketa horiek pertsona zaurgarrienentzat atzerapauso bat direla nabarmendu dute.
Azkenik, Artalekuko Katuak Elkarteak (AKE) eta beste talde animalista batzuek mozio bat aurkeztu dute Animalien Babes eta Ongizaterako Udal Ordenantza berri bat idazteko prozesua has dadin eskatzeko. AKEko kideek baietsi dute haiek ere osoko bilkuran izango direla.