Familientzako prebentzio eta laguntza programak, martxan
Gurasoei eta adingabeei begirako programak dira, eta orotara, lau kudeatzen ditu Irungo Udalak. Izen emate epea urriaren 15ean itxiko da.
Irungo Udalak prest ditu familientzako prebentzio eta laguntza programak. Gurasoei eta adingabeei begirakoak dira, eta gaur aurkeztu ditu egitasmoaren xehetasunak Sandra Caballero udaleko Gizarte Ongizateko ordezkariak. Udal hautetsiak adierazi du programa guztiak doakoak direla eta eskatzaileen beharren arabera egokitzen direla. Programazioaren barruan, programa generikoak eta espezifikoak dituzte. Generikoen artean Gurasoekin eta Gazteekin izenekoak nabarmendu ditu, eta horien izen emate epea urriaren 15ean ixten dela gogorarazi du. Inskripzioak udalaren webgunean edo 943 50 51 52 telefonora deituta egin behar dira. Iaz 100 lagunek hartu zuten parte.
Gurasoekin programak guraso talde txikien bidez funtzionatzen du, eta horiek astean edo bi astean behin biltzen dira Palmera Monteron. Lantalde profesionala sei adituk osatzen dute, eta psikologoak edo psikoterapeutak dira. Eskarmentu handia dute taldeekin eta familiekin lan egiten. Taldeak osatzeko, haurren adina eta familien beharrak hartzen dituzte kontuan. Aurten, gainera, 0 eta 2 urte arteko haurrak dituzten familientzako talde bat sortu da, haurrak hazteko laguntza jaiotzatik emateko.
Saio horiek gurasotasun positiboa sustatzen dutela baietsi du Caballerok. Programak familien lotura afektiboak indartu eta seme-alaben haziera egokirako mugak ezartzen laguntzen duela nabarmendu du udal hautetsiak. Finean, honakoak dira Gurasoekin programaren helburu nagusiak: familian komunikazio positiboa indartzea, enpatia gaitasuna sustatzea, bulkadak eta autokontrola erregulatzea, gatazkak konpontzeko estrategiak egitea, haurren adinerako egokiak diren arau eta muga koherente eta egokiak jartzen ikastea eta gurasoek muga horiek egoki zaintzeko prestatzea.
Gazteekin, aldiz, 12 eta 17 urte arteko nerabeei begirako programa da, eta bizitzarako gaitasunetan trebatzean datza. Programa horren barruko saioak Palmera Monteron egiten dira, ostegun arratsaldeetan. Gazteekin Osasunaren Mundu Erakundearen nazioarteko egitasmo batean oinarritzen da. Horren baitan, hamar trebezia sustatzen dituzte, eta, horiei esker, nerabeak eta gazteak prestatuago daude bizitzak dakarzkien erronkei aurre egiteko. Taldeak 12-14 eta 15-17 adin tarteetan banatzen dituzte.
Honakoak dira trebezia horiek: norbere buruaren ezagutza, enpatia, komunikazio asertiboa, pertsonen arteko harremanak, erabakiak hartzea, arazoak eta gatazkak kudeatzea, sormenezko pentsamendua, pentsamendu kritikoa, emozioak eta sentimenduak kudeatzea eta tentsioak eta estresa kudeatzea. Gazte taldeak ostegunero biltzen dira, azarotik maiatzera, 75 minutuko iraupena duten saioetan. Haurtzaroan eta nerabezaroan espezializatutako psikologo batzuek koordinatzen dituzte talde horiek.
Ingurune irekia eta eskola prebentzioko programa
Ingurune irekiko hezkuntza 11 eta 17 urte arteko gazteei zuzendutako programa bat da. Komunitate izaera du, eta gizarte eta hezkuntza arreta eta esku hartzea eskaintzen ditu. Integratzeko behar handiena duten haur eta nerabeei laguntzeko helburua du iniziatibak. Programako gizarte hezitzaileek banaka, taldeka eta komunitate gisa egiten dute lan, eta 1.370 pertsona baino gehiago inplikatzen dituzte: auzo elkarteak, ikastetxeak, kirol klubak eta ekipamenduak eta udal baliabideak. Eskola prebentzioko programari dagokionean, ikastetxeetan adikzioak prebenitzeko programak eskainiko ditu Gizarte Ongizate arloak.
Udalak 350.000 euro inguru bideratzen ditu aipatutako lau programetara. 300.00 euro Gurasoekin, Gazteekin eta Ingurune irekira bideratzen dituzte; gainontzeko 50.000 euroak eskolako prebentzio programarako dira.