Bidasoa Bizirik-ek Hondarribia eta Irunen udako balantzea egin du
Bidasoa Biziriken arabera, Hondarribiko hotel okupazioa %96ra iritsi da; Irungo denboraldia, berriz, %100eko okupazioarekin amaitu da.
Bidasoa Bizirik-ek Hondarribia eta Irungo udako turismoaren balantzea egin du; eskualdeko hotelen okupazioa %96ra iritsi da.
Bidasoko garapen agentziaren arabera, uztaila eta abuztua bitartean Hondarribiko hotelen okupazioa ia %100era iritsi da, 2023ko udan baino bi puntu gehiago, eta era berean, herriko turismo bulegoetan 10.134 bisitari jaso dituzte (Arma Plazan 5.544 eta Portuan 4.590). Artatutako bisitarien %39a Espainiako Estatutik kanpokoa izan da: %27arekin Frantziako Estatukoak izan dira garaile, eta Erresuma Batuak, Belgikak, Alemaniak eta Estatu Batuek jarraitu diete. Espainiar Estatukoen artean madrildarrak izan dira nagusi. Emakumezkoak izan dira bisitari nagusiak Garapen Agentziaren datuen arabera, eta batez ere planoak, mapak, informazio orriak eta interes turistikoko lekuen gomendioak eskatu dituzte turismo bulegoetan.
Azken urteotan, Hondarribia turismo eremu adimenduan bihurtzeko lanean ari dira turismo jasangarri eta eskuragarria bultzatzeko asmoz. Horrela azaldu Estitxu Urtizberea Bidasoa Bizirik-eko lehendakariorde eta Hondarribiko zinegotziak: “Oinarrizkoa da Hondarribian bizi diren pertsonen eta bisitatzen gaituztenen artean oreka aurkitzea. Gure konpromisoa da turismo jasangarri baten alde lan egiten jarraitzea, gure hiriaren kultura eta ondarea errespetatuko dituena. Gure helburua da turismo hazkundeak gure bizilagunen bizi kalitatean eragin negatiborik ez izatea eta, aldi berean, gure bisitariei esperientzia benetakoa eta aberasgarria eskaintzea. Oreka hau funtsezkoa da Hondarribiaren nortasuna eta xarma mantentzeko, turismo garapen arduratsu eta errespetuzkoa bultzatuz”.
Irunen kasuan, berriz, 2024ko udako turismo denboraldia hotelen %100eko okupazioarekin amaitu da. Horrek, Bidasoa Bizirik-en arabera, “turistak nabarmen igo direla eta hirira bisitarientzat helmuga erakargarri gisa sendotu dela islatzen du”. Uztaila eta abuztua bitartean hotelen okupazioa %96koa izan da Irunen, bisitari bakoitzak batez beste bi gau igaro ditu. Nuria Alzaga, Bidasoa Bizirik-eko presidente eta Irungo zinegotzia: “Uda historikoa bizi izanaren sentsazioa dugu. Uda honetan, gure hiriaz, historiaz, naturaz eta ondareaz gozatzeko aukera izan dugu. Hauek dira garen hiria erakusten duten ezaugarriak. Ekitaldien eta turismo jasangarriaren hiria. Datuek babestutako turismoa. Hotel-okupazioa %100 ingurukoa izan da uztailean eta abuztuan. Zalantzarik gabe, albiste bikaina gure tokiko ekonomiarentzat”.
Bisitarien profilari dagokionean, aurten Espainiako Estatutik kanpokoak %29 izan dira Irunen, iaz baino bi puntu gehiago. Hots, Frantziako Estatukoak eta alemaniarrak iaz baino gehiago izan dira. Irunen, Junkaleko kanpandorreko bisita bereziki ezaguna izan da, antolatutako hitzordu guztiak bete baitira. Ondorioz, bisitak izan duen arrakasta ikusita, egitasmoa urriaren 26ra arte luzatu dute.
Bestalde, Irungo turismo bulegoak 2.954 bisitari izan ditu, iaz baino 154 gehiago, eta hazkunde horrek “azken urtean ezarritako turismo sustapen ekimenek izandako arrakasta islatzen du”.
Bidasoa Bizirik-ek Irun eta Hondarribiko udalekin lankidetzan, turismo gidentzako jardunbide egokien dekalogo bat garatu du, eskualdean turismo arduratsuagoa eta iraunkorragoa sustatzeko helburuarekin.