Irun osoa etxebizitzako eremu tenkatu izateko proposamena, udalbatzarrera
Hiriko egoeraren gaineko diagnostikoa egin, eta izendapena jasotzeko baldintzak betetzen direla ondorioztatu du udalak.
Cristina Laborda alkateak gaur iragarri du Irun osoa etxebizitza eremu tenkatu izendatzeko prozedurarekin hasi direla. Izendapen hori jasotzeko txosten teknikoa egina du udalak, eta datorren urriko udalbatzarreko gaien zerrendan sartuko duela iragarri du, onesteko. Izendapen hori izateko behar den dokumentazioa prestatzeko lanak jada egin dituztela jakinarazia du, aldi berean, udal agintariak. Irunviren bitartez egin da lan hori. Behin izendapena lortzen bada, Irungo Etxebizitza Plana idazteko oinarria izango dutela zehaztu du alkateak; plan horrek, besteak beste, datozen hiru urtean hirian babespeko 1.000 etxebizitza eraikia du jasoa.
Alkatearen arabera, hiriak etxebizitza alorreko eremu tenkatu izaera lortzerakoan, aukera izango da “etxebizitzaren arazoa modu integralean” lantzeko, “eta hori Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin dugun lankidetza instituzionalari esker lortuko dugu”. Etxebizitzaren gaia irundarren kezka dela uste du agintariak, “oinarrizko eskubidea baita”.
Landutako dokumentazioa Irunviren administrazio kontseiluari aurkeztu diote. Hiru ardatz ditu txostenak: hiriko etxebizitza arazoaren gaineko diagnostikoa (martxoa eta iraila artean gin da), hiru urterako Etxebizitza Plana, eta eremu tenkatu izateko eskaera justifikatzen duen memoria. Alkatearen arabera, diagnostikoan jasota dauden datuek egiaztatzen dute Irun eremu tenkatu izateko lege irizpideak betetzen direla.
Udalbatzarrean onetsi ondoren, Jaurlaritzara bidaliko dute hori guztia; Gasteizek epe batez jendaurrean jarriko du, eta izendapena iritsiko litzateke ondoren izapidetza egokia dela iritziz gero.
Datuak
Diagnostikoan datu eta zenbaki saltsa dago. Horietako batzuren berri eman du alkateak. Adibidez, 2015ean salmenta libreko etxebizitzen metro koadroaren prezioa 2.863 eurokoa zen, eta 2023an 4.100 eurokoa; %42ko hazkundea izan dute prezioek, beraz, zortzi urtean. 2023ko laugarren hiruhilekoan, ostera, salmenta libreko etxebizitza erabilien prezioaren batez bestekoa 330.000 eurora iritsi zen, eta etxebizitza berriena 411.000 eurora. Etxebizitza erabilien prezioak %32ko gorakada izan du azken zortzi urteetan. “Diagnostikoa baieztatu eta agerian uzten du arrisku berezia dagoela bertan bizi den biztanleriarentzat etxebizitza gutxiegi eskaintzeko, eskuragarritasun baldintza egokietan etxebizitza berriak egitea barne”, dio Labordak.
Diagnostiko horri oinarri, hiru urterako Etxebizitza Plazan osatu dutela nabarmendu du alkateak. “Horri esker, udalak duela urte batzuk etxebizitzaren arloan garatzen ari zen ekintza asko antolatu eta egituratu ahal izan ditugu, bai eta neurri gehigarriak identifikatu ere, egungo testuingurua egokituta”. Neurri sorta hori Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin kontrastatu dela zehaztu du Labordak, hark gauzatzen baititu alokairuko etxebizitza publiko berrien garapen lanak.
Zein ondorio izango ditu?
Irun etxebizitza alorreko eremu tenkatu izendatzeak honako ondorioak izango dituela esan du Labordak (hitzez hitz hark esandakoak dira beheko datuak):
- Hiri Errentamenduen Legean egindako aldaketak aplikatuko dira, etxebizitza libreen parkean alokairu-prezioen hazkundea neurrizkoa izan dadin eta, horrela, etxe kalteberenen segurtasun juridikoa eta egonkortasuna hobe dadin.
- Datozen hiru urteetan garatu beharreko Etxebizitza Plana onetsiko da, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan eta eskumenak koordinatuta. Plan hori lau ardatzen inguruan egituratu da:
- Alokairu egokiak sustatzea, Irunen modu oneko etxebizitzen eskaintza erabakigarritasunez handitzeko. Horretarako, udalerriko hainbat eremutan babes publikoko 1.000 etxebizitza eraikitzen hastea aurreikusi da:
- San Migel Anaka: 612.
- Lastaola-Postaetxea: 99
- Korrokoitz: 63.
- Alei: 60.
- Alberto Larzabal: 43.
- Mendipe: 36.
- Emigrazio eraikina: 31.
- Larreandi: 22.
- Lucas de Berroa: 20.
- Karrika Nagusia 7 eta 9: 14.
- Alokairu-merkatuko bitartekaritza-programak sustatzea, bitartekaritza-programetan parte hartuko duten etxebizitza hutsen ondasun eta higiezinen gaineko zergan hobari-ehunekoak handituz eta programa horietan parte hartuko duten etxebizitza hutsak birgaitzeko laguntzak osatuz.
- Jarduketak, eraikitako parkean: hiri-birgaitzea eta berroneratzea. Horretarako, funtsezkoa da Irunviren lana, birgaitzeko hirigintza-sozietate gisa, laguntza arruntak eta apartekoak izapidetzen Eusko Jaurlaritzarekin kolaboratzen duen erakunde gisa eta Irungo herritarrentzako erreferentziako informazio eta aholkularitza gune gisa.
- Kolektibo kalteberak babesteko eta alokatzeko laguntzen prestazio-sistema, laguntza eta prestazio-dispositibo zabal baten bidez.
- Gobernantza: Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, planean aurreikusitako 1.000 etxebizitzak sustatzeko, bateratutako lagapen eta finantzaketa proposamenekin, eta planaren beraren jarraipena egiteko dispositiboak martxan jartzeko.
- Alokairu egokiak sustatzea, Irunen modu oneko etxebizitzen eskaintza erabakigarritasunez handitzeko. Horretarako, udalerriko hainbat eremutan babes publikoko 1.000 etxebizitza eraikitzen hastea aurreikusi da: