Talaia BHIko 16 gaztek Xare egitasmoaz gozatuko dute
Euskarazko kultura digitala sustatzeko egitasmoa da. Baionako Euskal Herriko Merkataritza eta Industria Ganbaran egingo da ekitaldia bihar: 09:30etatik 14:45etara.
Euskarazko kultura digitala sustatzeko egitasmoa da Xare, eta aurten lehenengo aldiz helduko da Lapurdiko hiriburura. Baionako zein Hondarribiko Bigarren Hezkuntzako 242 ikasle elkartuko dira bihar Baionan jardunaldiaz gozatzeko. Zehazki, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) alorrean euskararen erabilera sustatzea, eta euskarazko kultura digitala ezagutzera ematea eta bere balioa azpimarratzea helburu duen jardunaldia da.
Hondarribiko Talaia BHItik 16 gazte abiatuko dira goizean goiz Baionara eta bertan eskola ezberdinetako gazteekin egingo dute topo. Egitasmoa 09:30etan hasi eta eguerdiko 14:45ak arte iraungo du. Eskola guztietako ikasleak hiru taldetan banatuko dituzte eta Ikas aretoan, Era aretoan eta Jolas aretoan murgiltzeko aukera izango dute. Ikas aretoan profesional edo elkarte banak gidatutako 7 lantegi praktikotan trebatzeko aukera izango dute. Era aretoan bi hitzaldi labur eta dinamikotan parte hartuko dute eta Jolas aretoan euskarazko IKTen inguruko esperientzia ludikoa biziko dute. Eguna bukatu aurretik, berriz, 13:00etan, dantzan egingo dute. Kukubird taldeak kontzertua eskainiko du ganbarako auditorioan.
Xare egitasmoak bost urteko ibilbidea du eta Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa Euroeskualdeak babesten du. Herri askotan egiten du geldialdia eta soilik iaz 2.800 ikasle baino gehiago igaro ziren bertatik.