Be Veggie jaialdi beganoa, abenduaren 6tik 8ra
Beganismoa ardatz duen jaialdia berritasunekin eta proposamen berritzaileekin iritsiko da aurten Ficobara.
Aurten ere Be Veggie jaialdi beganoa Ficoban lurreratuko da. Beganismoa ardatz duen jaia abenduaren 6tik 8ra egingo da, eta berritasunekin eta proposamen berritzaileekin iritsiko da Irunera. Jaialdiaren prestaketa aurrera doa, eta lehen zertzeladak aurreratu dituzte.
Hizlarien artean, Amanda Romeroren parte hartzea nabarmendu dute antolatzaileek. Romero Espainiako Veganuary elkarteko zuzendaria da. Veganuary mundu mailako egitasmo bat da, eta urtarrilean beganismoa probatzeko gonbita luzatzen du. Romerok kanpaina horren berri emango du Ficoban, eta izan duen inpaktua azalduko du.
Malditos Veganos podcasta ere grabatuko da Irungo erakustazokan. Sergio Guallar, Miguel Marti eta Miriam J. Lastra dira protagonistak, eta beganismoaren ikuspegi gazte eta ausart bat eskainiko dute. Protagonisten hitzetan, Malditos Veganos-ek beganismoa ulertzeko modu berri bat eskaintzen du.
Abenduaren 7an, Espainiako V-Label sariak banatzeko ekitaldia egingo da. Espainiako Batasun Begetarianoak banatzen ditu errekonozimendu horiek, eta sektore beganoan berrikuntzaren eta jasangarritasunaren alorreko lider diren enpresen lana saritzen dute. Aurtengo lehiaketan 29 enpresak hartu dute parte, eta 38 produktu aurkeztu dituzte.
Fashion Revolution egitasmoa izango da beste berritasunetako bat. Proposamen horren baitan, bisitariek soinean daramaten arroparen ingurumen inpaktua egiaztatu ahal izango dute. App bat baliatuz, erabiltzaileek beren arropari buruzko datuak sartuko dituzte, eta berehala jasoko dute berotze globalean duen inpaktuaren erradiografia bat.
Arroparen kontsumoarekin lotutako beste proposamen batez ere gozatu ahal izango dute Ficobara gerturatzen direnek. Silvia eta Vanesa ahizpek My Vegan Closet arropa beganoaren munduko lehen direktorioa sortu dute. Sortzaileek modaren industriaren alorreko “krudeltasunik gabeko” alternatiba jasangarrien inguruan kontzientziatu nahi dute.
Antolatzaileek aipatutako proposamenak nabarmendu badituzte ere, beste horrenbeste izango dira Ficoban, honakoak: erakusmahaiak, hitzaldiak, tailerrak, sukaldaritza, yoga, eskaintza gastronomikoa eta zuzeneko musika.