Udal Euskaltegia denentzat irisgarria da orain
Uda garaian egin dituzte Udal Euskaltegia irisgarria bihurtzeko hobekuntza lanak. Datorren ikasturtean izana emateko epea hilaren 19an itxiko da.
Datorren ikasturteari begira hobekuntza garrantzitsua izango du Hondarribiko Udal Euskaltegiak; izan ere, uda garaian saioak eteten direla probestuz, irisgarritasun proiektua martxan jartzeko lanak egin dituzte. Lan horiei esker eraikina erabat irisgarria bihurtu da. Sarreran dagoen arrapala zabaldu eta egokitu egin dute, eta ate berri bat ezarri dute ere. Ateak pertsonen presentzia detektatzen duenean automatikoki zabaltzen da. Euskaltegira sartu eta berehala igogailu bat dago eta hura erabiliz lehen solairura heldu daiteke.
Gaur goizean Arantxa Ezeizarekin, Euskaltegiko zuzendariarekin, eta Iñaki Arocena Hirigintzako Teknikariarekin ikuskatu ditu instalazioak Garoa Lekuona Euskara Zinegotziak. Eskertuta azaldu da zinegotzia, hirigintza departamentuko langileen eta Euskaltegiko langileen koordinazio lan egokiari esker “garrantzi handia” duen proiektua gauzatu ahal izan delako.
Udal Euskaltegiko ikasturte berrian izena emateko epea ostegunean, hilak 19, itxiko dela gogorarazi du. Ordutegia honakoa: 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:30era.