'Transfariana' filma, ostiralean Amaia KZn
Sexu langile izandako trans baten eta FARCeko erreboltari baten arteko ezusteko maitasun istorio bat tratatzen du filmak. 19:00etan hasiko da, eta ondoren, Ricardo Cantor LGTBIQ+ aktibista kolonbiarrak solasaldi bat dinamizatuko du.
Zinemazaleek hitzordua dute ostiralean (hilak 20), Irungo Udaleko Berdintasun arloak Transfariana filma proiektatuko baitu Amaia KZn, 19:00etan. Joris Lachaisek zuzendu du filma, eta Sebastiane Latino saria jaso zuen 2023ko Donostiako Zinemaldian. Sebastiane Latino LGTBIQA+ zinema latinoaren urteko estreinaldirik onena errekonozitzen duen saria da, eta LGTBIQA+ pertsonen balioak eta errealitatea islatzea du xede.
Sinopsia: Sexu langile izandako trans baten eta FARCeko erreboltari baten arteko ezusteko maitasun istorio batean datza, zeina Kolonbiako kartzela batean hasi eta aliantza solidario batean bukatzen dena trans aktibista eta armak utzi dituzten FARCeko militanteen artean.
Proiekzioaren ondoren, Ricardo Cantor Bossa LGTBIQ+ aktibista kolonbiarrak solasaldi bat dinamizatuko du Amaia KZra bertaratzen diren ikusleekin. Sarrera doakoa da, aretoko edukiera bete arte.
Nuria Alzaga Berdintasun ordezkariak honakoa nabarmendu du: “Jarduera honek Berdintasun arloaren ikasturteari hasiera ematen dio LGTBIAQ+ aniztasun kontuetan. Aniztasun afektibo sexuala gure lan ardatz nagusienetariko bat da eta horregatik saiatuko gara hiritartasuna nortasun sexual ezberdin eta genero adierazpenetan sentsibilizatzen; izan ere, hori da bizi garen gizarte anitz honetan harro sentiarazten gaituena”.