Oinaurreko hirugarren anbulatorioaren beharra nabarmendu du Osasun Bidasoak
Irungo lehen mailako arretaren egoera "kritikoaren" aurrean, plataformak hirugarren osasun zentroa eraikitzeko prozesua "berehala" martxan jartzea eskatu du.
“Irungo Lehen Mailako Arretaren egoera kritikoa da, eta berehalako konponbideak eskatzen ditu”. Osasun Bidasoa Plataformaren hitzak dira horiek, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak egindako azken proposamenak “kezka handia” sorrarazi diela aitortu dute. Plataformak adierazi du, Jaurlaritzaren proposamenaren arabera, Oinaurreko hirugarren osasun zentroa eraikitzeko, Irungo Udalak ondoko zenbait lursail eman beharko lituzkeela “anbulatorio handi bat” eraikitzeko. Osasun Bidasoaren iritziz, tankera horretako adierazpenek “nahasmena” sortzen dute, eta Irungo lehen mailako arretarako espazio duinen faltaren arazoari “irtenbidea atzeratzen” diola nabarmendu dute.
Jaurlaritzaren proposamenaren aurrean, Osasun Bidasoak hirugarren osasun zentroa eraikitzeko prozesua “berehala” martxan jartzea eskatu du. Horrez gain, Osasun Sailari berretsi diote Bidasoko Ospitalea “handitzeko beharra”, eraikin erantsi batekin.
Bestalde, Irun “egitura linealeko” hiri bat dela baietsi dute plataformako kideek, “zentro zehatzik” ez duena. Irun Erdialdeko anbulatorioa ixteak udaletxearen ondoko eraikin batera eramateko, Dunboako osasun zentrotik gertu egongo dena, Anaka, Anzaran, San Migel eta Pio XII auzoetako bizilagunak “osasun arretatik urruntzea” ekarriko lukeela adierazi dute, haien irisgarritasunak “txarrera” eginez.
Egoera horien aurrean, honakoa proposatu du Osasun Bidasoak: “Irunek hiru anbulatorio izatea: Oinaurrekoa, Irun Erdialdekoa eta Dunboakoa. Behar bezala dimentsionatu behar dira, osasun arazo gehienak konpontzeko gaitasuna izan dezaten, Bidasoko Ospitalera behar ez diren joan-etorriak saihesteko”.
“Ezinezkoak” diren konponbideak proposatzeak, “eskualdeko errealitatea ezagutu gabe eta aldez aurretik udalbatzarekin negoziatu gabe”, “harridura eta kezka sakona” eragin die plataformako kideei.