JaionE jaialdi kuir transfeminista antolatu du Lakaxitak
Hilaren 28an izango da, eta 17:00etan abiatuko dira Moskutik gaztetxera, bizikletan. Gorputz eta identitate disidente artistei lehentasuna eman eta espazio transmaribibollo seguru bat sortu nahi dute.
Lakaxita gaztetxeak JaionE jaialdia sortu du. JaionE lehen jaialdi kuir transfeminista da, eta hilaren 28an ospatuko da. Antolatzaileek adierazi dute gorputz eta identitate disidente artistei lehentasuna eman eta espazio transmaribibollo seguru bat sortzea dela helburua. Jaialdia, gainera, jasangarria izango dela jakinarazi dute; hori dela eta, bizikletan joango dira Lakaxitara. Moskutik irtengo dira, 17:00etan, eta oinez joateko aukera ere izango du nahi duenak. Balazta elkarteak musika jartzen lagunduko die.
JaionE hilabete askotako lanaren emaitza dela nabarmendu dute antolatzaileek, eta hura egikaritzeko denen laguntza ezinbestekoa dela gaineratu dute. Horregatik, turnoak osatzeko eta jendea gustura dabilenean aritzeko laguntza eskatu dute. Sarrerek 8 euroko prezioa dute. Pertsona prekarizatuen sarrerek, aldiz, 5 euroko kostua dute. Jaialdiko kartela Kattalin Berasategi Kattalink hondarribiarrak egin du. Hona hemen jaialdiaren programazioa:
- Ay Dragmela.
- Batxata kuir tailerra.
- Alicia Kiss eta Julene Queen.
- Makeda + Adrien BOdy X Plazaratu.
- Lola Von Polola.