"Baten askatasuna besteenganako errespetuan dago"
Hilaren 7an eta 8an gertatutakoaren harira gogoeta bat plazaratu du Hondarribiko PSE-EEk.
Jaizkibel konpainiak eta alardeko kideek izandako “portaera zibikoa” nabarmenduz hasi dute oharra, eta eskerrak eman dizkiote parte hartzaileei, soldaduei eta agintariei ere, “ondo funtzionatzeko egindako lan handiagatik”. Eta aldi berean, udaltzainek, anbulantziek eta gainerako zerbitzuek bi egunetan egindako lana goraipatu dute.
Segidan, baina, irailaren 7 arratsaldean gertatutakoa [udal korporazioaren aurresku ekitaldian] deitoratu dute sozialistek; “izan ere, danborradak, agintariek eta tradizioz ekitaldia egin duten gainerako pertsonek ezin izan zuten ekitaldia garaiz eta behar bezala egin”.
Dekretuei dagokienez, “bere garaian” bozeramaileen batzordean zenbait alderdiri buruz hartutako erabakiak “positiboki” baloratzen zituztela adierazi zuten, eta aldi berean, desadostasunak lantzearen aldekoak direla, “datorren urtean bai Jaizkibelek eta bai HAOSEk beren ibilbideak eta espazioak elkarrekiko errespetutik eta aintzatespenetik izan ditzaten”. Herritarren portaera berriz, “eredugarria” izan dela adierazi dute eta herrian “sentsibilitate desberdinekiko errespetua” erakutsi zutela.
Bukatzeko, alderdi soziala eta legala uztartzearen aldekoak direla jakinarazi dute sozialistek: “Irailaren zortziko ospakizunaren inguruan gaur egun dauden arazoen konponbidea alderdi sozialetik konpondu behar da. Alardeari buruzko sentsibilitate desberdinak errespetatu behar dira, baita Alardea ulertzeko beste moduak ere. Kontua da Auzitegi Gorenaren doktrinarekin bateragarri egitea”. Honakoa lortzea zaila dela onartu duten arren, alardearen etorkizuneko garapenari buruzko hausnarketa “sakona” egitea beharrezkoa dela esan dute, “herritarrok boteretik aske izan gaitezen errespetuarekin eta bakoitzak sentitzen duena goza eta bizi dezan”.