Marea bizien aurrean prebentzio neurriak hartzeko eskatu du EAJk
Oraindik "erreakzionatzeko" denbora dagoela adierazi dute, eta horretarako beren laguntza plazaratu diote udal gobernuari.
Aurtengo otsailean eta martxoan marea biziak izan ziren, eta Hondarribiko zenbait puntutan, Mendelun, Amuten eta Harresilanda auzoko zenbait guneetan, uholdeak izan ziren. Gertaera hori berriro errepikatu ez dadin, Hondarribiko EAJk neurriak hartzeko eskatu du.
Urte hasieran beste herrietako proposamenak helarazi zizkion udal gobernuari eta “bizilagunen eta oposizioko alderdien presioaren ondorioz, udal-gobernuak ildo horretan jardun zuen azkenean” adierazi dute. Mendelun, adibidez, euste-zakuak jarri zituzten hurrengo marea bizietarako. “Espero dugu aste honetako marea bizien aurrean eragina izatea” gaineratu dute.
Hala ere, Amute auzoan edo Harresilanda kalean udal gobernuak prebentzio neurririk hartu ez duela salatu du EAJk. “Marea bizien lehen itsasgora gaur arratsaldean izango da eta hurrengoa goizaldeko 04:31tan. Larriena, dirudienez, ostegun arratsaldeko 18:00etan izango da”. Oraindik “erreakzionatzeko” denbora dagoela adierazi dute, eta horretarako beren laguntza plazaratu dute.