Bidasoa ibaiak gainezka egin dezakeela ohartarazi du udalak
Uholdeen arriskuen aurrean prebentziozko dispositibo bat ezarri dute. Marearen ondorioak bihartik larunbatera (hilak 21) luzatu litezke.
Bihartik (hilak 18) larunbatera arte (hilak 21) marea altuak espero dira, eta ondorioz Bidasoa ibaia ubidetik atera daitekeela ohartarazi du Herritarren Segurtasun eta Bizikidetza arloak. Gainera, gainezkatze horiek Stadium Galetik hurbil dauden bidegorriko tarte batzuetan, Behobiako zati batzuetan edota Recondoko pabiloi zaharreko zonaldean eragin dezaketela azaldu dute.
Ibaiak gainezka egingo lukeen kasuan, ondorioak murrizteko asmoz udaltzaingoak eta Babes Zibilak Real Union ibilbideko bidegorrian zehar lur zakuak ipini zituen atzo.
Bestalde, ohartarazi dute Real Union eta Pierre Lhandeko bidegorriak itxiko dituztela itsasgoraren ordutegian, eta, Behobian konportak jarriko dituztela.
Era berean, Udaltzaingoa eta Babes Zibila marea horien bilakaerari adi egongo dira, eta azaldu dute beharrezko neurriak hartuko dituztela ibaiak gainezka egitearen ondorioz sor daitezkeen gorabeherak prebenitzeko eta murrizteko.