"Irun hiri eraginkorragoa izan dadin lanean jarraitzen dugu"
Mugikortasunaren Europako Astearen harira, EAJ taldeak gogorarazi du datozen egunetan egingo diren jarduera eta tailer batzuk haiek proposatutakoak direla. Mugikortasunaren kudeaketa eraginkorra egitea "ezinbestekotzat" jo dute jeltzaleek.
Mugikortasunaren Europako Astea dela probestuz, Irungo EAJ taldeak arlo honetan azken hiletan egindako lana gogorarazi nahi izan du, ohar bidez. Hala, datozen egunetan eskainiko diren tailer eta jarduera batzuk jeltzaleen proposamenetatik heldu direla nabarmendu dute. Taldekoek “ezinbestekotzat” jo dute “mugikortasunaren kudeaketa eraginkorra egiteko beharra dagoela planteatzen zaizkigun erronken aurrean”.
Irun “hiri eraginkorragoa izan dadin” lanean ari direla erantsi dute taldekoek, “lan eta proposamen zehatzen bitartez”. Urtero egitasmoak proposatu dituztela diote: “Etorkizunari aurrea hartu nahi izan diogu, Irun iritsiko denerako prest egon dadin, eta aktiboki parte hartu dugu Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plan berria garatzen”. Esaterako, aipatutako plan horri 11 zuzenketa erantsi zizkion EAJk, eta horietatik bederatzi onartu dituzte. Ondorengoak dira jeltzaleek proposatutako eta udal gobernuak onartutako proiektu horiek:
- Bidegorria Nafarroa etorbideko igoeran. 70 plazako Junkal plazatxoko lurpeko aparkaleku bati lotuta, plazatxoa berrurbanizatzea aurreikusita dagoela probestuz, eta kendu beharko liratekeen TAOko 60 aparkalekuen ordainetan.
- Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen (patineteen…) erabilerari buruzko udal ordenantza eguneratzea.
- Gure hirian dugun etorkizuneko bizikleta ardatzaren lehentasunezko aukeratzat, hegoaldeko ertza, GI-636a, hartzea.
- Aparkaleku arautuetan, haurrak dituzten familientzako ibilgailuentzako aparkaleku berezituak eta bereizgarri bat ezartzeko aukera aztertzea, dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako plazak ezartzen diren bezala
- Lurpeko aparkalekua, Via Irunen egingo den autobus geltoki intermodalean, San Migel auzoko bizilagunek erabili dezaten.
- Hirian ibilgailuen zarata kontrolatzeko radarrak ezartzea.
- EGEn, zarataren kontrol puntu batzuk ezartzea, zarataren mailaren hobekuntzaren bilakaera egiaztatzeko, egindako aldaketekin lotuta (trafikoa murriztea, ibilgailu elektrikoak…).
- Errekuntza motorra duten lorezaintzako makinen ordez zarata maila txikiagoa duten makina elektrikoak erabiltzea.
- Edukiontziak edo ikuspena zailtzen duten bestelako elementuak lekuz aldatzea, eta argirik ez duten edo argiztapen nahikorik ez duten lekuetan argi puntuak jartzea.
Bukatzeko, Irun XXI. mendeko hiri berrien abangoardian ezartzea jeltzaleen “apustu argia” dela adierazi dute, eta hala, “gure herriaren oparotasunari eta ongizateari lagunduko dioten jarduerak garatzeko eta bizitzeko hiri erakargarria izatea”.
Hilaren 17a eta 19a, asteartea eta osteguna
- Bizikleta hirian erabiltzeko tailer praktikoa, Irungo Udaltzaingoaren eskutik.
- Ordutegia:
- Hilaren 17an, 10:00etatik 13:00etara, eta hilaren 19an, 15:30etatik 18:30etara.
- Lekua: Bideko segurtasunerako Ibarlako zentroa.
- Izen ematea: hilaren 17ra arte, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan.
Hilaren 18a, asteazkena
- Nagusikleta, Balazta eta Nagusilan elkarteen eskutik.
- Ordua: 17:15ean.
- Lekua: Caser Anaka egoitzan.
Hilaren 20a, ostirala
- Mugikortasun jasangarriaren edo bideko segurtasunaren inguruko ihes gela, Euskaperen eskutik.
- Ordutegia: 17:00etatik 20:00etara.
- Lekua: Urdanibia plaza.
Eskola bidea eta Bizibusa, Oharki Taldearen eskutik. (Aurrerago jardueraren informazio gehiago eskainiko dute).
Hilaren 22a, igandea
- Bigarren eskuko bizikleten azoka, Txingudiko Zerbitzuen eskutik.
- Ordutegia: 10:00 – 14:00.
- Lekua: Zabaltza plaza.
- Bizikletak konpontzeko kamioia, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik.
- Ordutegia: 10:30etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
- Lekua: Zabaltza plaza.
- Bizikleta martxa herrikoia, Irungo Udalaren eskutik.
- Ordutegia: 10:45etatik 12:00etara.
- Lekua: Zabaltza plaza (irteera eta helmuga) eta Urdanibia plaza (txirrindulariek hamaiketakoa egiteko postua).
- Igandero: autorik ez Colon ibilbidean
- Autorik gabeko Munduko Egunean, 10:00etatik 19:00etara bitartean, bizikletek, trizikloek eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuek bakarrik zirkulatu ahalko dute Kolon ibilbidean, Gipuzkoa hiribidearen eta Francisco de Gainza karrikaren artean.