Eskola Feminista, edukiz betea
Bost ikastaro eta tailer trinkok osatzen dute Emakumeen Etxearen aterkipean sortutako egitaraua. Izen ematea hilaren 30era arte da zabalik.
Irungo Emakumeen Etxean ere ikasturte hasierari eutsi diote. Udazkeneko programazioa aurkeztu dute gaur, udaleko ordezkariekin batera. Orotara bost ikastaro eta tailer trinko dira eskaintzaren oinarria, baina gaurko agerraldian oroitarazi dute Emakumeen Etxearen emaria askoz sakonagoa dela. Nuria Alzaga Berdintasun ordezkaria, Emakumeen Etxeko Elkarteko kide Maribel Castello, Pilar Revuelta eta Ana Calzado, eta bi tailerren gidari izango diren Eskarne Alberdi eta Malen Turrillas izan dira azalpenak ematen.
Irail hasieran aurkeztu zuten Ahalduntze Eskola. Horren osagarri izango dira Eskola Feministaren barruko jarduerak. Hala adierazi du Alzagak, “emakume irundar guztien bizi kalitatea eta ongizatea babestu eta indartzea da asmoa”. Emakumeen Etxeko Castellok etxea kudeatzeko lankidetza hitzarmenean jarri du azpimarra, eta jarduerak gauzatzeko horrek ematen dituen erraztasunak aipatzearekin batera, aurtengo berrikuntzetako bat nabarmendu du: Irungo Auzoetako Emakumeen Etxea egitasmoa zehazki: “Horri esker, Emakumeen Etxeak duen garrantzia auzoetara zabaldu ahal izango da”. Azaroaren 8an izango da saioa, San Migel auzoko adinekoentzako lokalean, clown ikuskizun baten bidez.
Aldi berean, hilaren 25erako hitzaldia programatu dute, Maggie Bullen antropologoak eta Mertxe Tranche ikertzaileak emana, Aldaketa sozialak eta kulturalak Euskal Herriko jaietan ikuspegi feministatik izenburukoa. 18:00etan hasiko da, Emakumeen Etxean bertan.
Gainera, Eskola Feministak lan berezi eta diskretu bat jarri nahi du martxan, urte osokoa, indarkeria matxista jasan duten emakumeekin. “Ekimen delikatua da, eta interesa duten emakumeek informazioa jasoko dute soilik Irungo Emakumeen Etxe berera joaten badira edota telefonoz deituta, 943 505 505 zenbakira”, zehaztu dute.
Ikastaro eta tailerretarako izen emate epea zabalik da, gaurtik hilaren 30era arte. Izen emateak Emakumeen Etxean bertan edo Irungo Udalaren webgunetik egin daitezke. Emakume bakoitzak gehienez bi ikastaro edo tailerretan eman dezake izena, eta horretan lehentasuna Irunen erroldatutakoek izango dute. Jardueraren baterako gutxieneko partaide kopurua lortzen ez bada, hori bertan behera utziko dute; eskainitako tokien kopurua eskaria baino handiagoa bada, berriz, zozketa bidez esleituko dira plazak.
Horrez gainera, gaurko prentsaurrekoan oroitarazi dute etxearen ohiko zerbitzuak indarrean direla, hala nola jarduerak egin bitarteko haurtzaindegi zerbitzua, aholkularitza juridikokoa, sexu aholkularitzarena, edo tituluen homologaziorako jarduerarena.
Honakoa da Eskola Feministaren eskaintza osoa (jarduera guztiak Emakumeen Etxean dira):
Kantu-talde feminista
- Azalpena: tailer honen xedea da kantu-talde bat sortzea Irungo Emakumeen Etxean.
- Saioak: 9 saio
- Gidaria: Arima Tailerrak
- Data: urriaren 11ik azaroaren 20ra
- Eguna: ostiralero (urriaren 18an izan ezik)
- Ordua: 18:00-20:00
- Hizkuntza: gaztelania
Txinparta morea: autosufizientziarako elektrizitate-tailerra
- Azalpena: Tailer honetan izena ematen duten emakumeek etxeko sistema elektrikoaren inguruan konponketa errazak egiteko beharrezko ezagutzak eta tresnak eskuratuko dituzte.
- Saioak: 8 saio
- Gidaria: CIFP Bidasoa LHII
- Data: urriaren 22tik azaroaren 14ra
- Egunak: astearte eta ostegunetan
- Ordua: 17:00-19:30
- Hizkuntza: elebitan
- Tailerra CIFP Bidasoa LHII ikastetxeko instalazioetan emango da.
Txirigota feministak
- Azalpena: Cadizeko txirigoten adibide musikal feminista erreferentziatzat hartuta, tailer honetan parte hartzen duten emakumeek euskal tradizioan inspiratutako inauteri-testu kolektibo interaktibo bat sortzen ikasiko dute
- Saioak: 2 saio
- Gidaria: Katerina Sergidou
- Datak: urriak 24 eta 25
- Ordua: 17:00-20:00
- Hizkuntza: gaztelania
Dantzaterapia
- Azalpena: Dantzaterapiako saioek modu atsegin eta desberdin batean lagunduko dute parte hartzen duten emakumeek beren emozioak adieraz ditzaten, beren gorputzarekin berriro konekta dezaten, identitatea berreraiki dezaten eta erresilientzia indar dezaten.
- Saioak: 3 saio
- Gidaria: Mariren Alabak
- Data: Urriak 25 eta azaroak 15 eta 29
- Ordua: 16:00-18:00
- Hizkuntza: gaztelania
‘Gutxiago epaitu eta gehiago besarkatu zure burua’ tailerra
- Azalpena: Saioetan, emakumeek besteak zaintzeko “normaz” hartzen dituzten kargek sortzen duten ondoez emozionala ikertuko dute, eta ikusiko dute ondoeza partekatua dela eta begirada feminista batetik aurre egin behar zaiola.
- Saioak: 3 saio
- Gidaria: Mariren Alabak
- Data: Azaroak 15 eta 22 eta abenduak 13
- Ordua: 12:00-13:30
- Hizkuntza: gaztelania