Manu Goiogana, etzi Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan
Irundarrak herrialdeko txapelketako final-zortzirenetako bigarren saioan parte hartuko du, Lasarte-Orian.
Udaberriko sailkatze fasearen ondotik, orain bai. Asteburuan hasiko da 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Bidasoko eta Oarsoaldeko bi bertsolari izango dira bertan lehian, Manu Goiogana Bengoetxea irundarra eta Alaia Martin Etxebeste oiartzuarra. Goioganak asteburu honetan bertan hasiko du bidea, final-zortzirenetan. Martinek geroago ekingo dio herrialdeko txapelaren lehiari, aurreko Gipuzkoakoan lortutako emaitzagatik final-laurdenetan hasiko delako (urriaren 19an, Eibarren).
Etzi, igandearekin, egingo du txapelketaren estreinakoa Goioganak. Lasarte-Oriako Manuel Lekuona antzokian du zita, 17:00etan hasita. Bost oholtzakide izango ditu Irunabar Bertsoaren Bilguneko kideak final-zortzireneko horretan: Aitor Zubikarai Salegi itziartarra, Amaia Iturriotz Etxaniz urretxuarra, Aner Peritz Manterola eta Iñigo Mantzizidor Larrañaga zarauztarrak, eta Oier Etxeberria Zubimendi azpeitiarra.
Osotara 42 bertsolari ariko dira herrialdekoan: horietatik 34k udaberriko Gipuzkoa Bertsotan-en lortu zuten bertan izateko eskubidea, eta beste zortziak 2019ko ekitaldian finalaurrekotan izan zirenak izango dira. Lehen fasean, final-zortzirenetakoan, seina bertsolariko zazpi saio egingo dituzte; horietatik lehena bihar da, Urretxun (17:00), eta bigarrenean ariko da etzi Goiogana. Final-zortzirenetako zazpi saioetako irabazleak zuzenean joango dira final-laurdenetara, eta bertako koadroa final-zortzirenetan puntuazio onena lortu duten beste hamazazpi bertsolarik, eta 2019koan finalera sailkatu zirenek osatuko dute. Beraz, 30 lehiakide izango dira final-laurdenetan.
Oarso Bidasoko saioak
2024ko Gipuzkoako Bertsolaritzak, saioei dagokionean ere, arrastoa utziko du Bidasoan eta Oarsoaldean. Osotara, hainbat fasetako lau kanporaketa saio izango dira bertan. Horiek, beheko zerrendan:
- Hilaren 28an, Hondarribiko Itsas Etxean (17:00): final-zortzirenetako saioa. Partaideak: Ane Beloki Lopez, Aratz Igartzabal Bidegain, Eneritz Artetxe Eizagirre, Maddi Aiestaran Iparragirre, Oier Aizpurua Plaizola, eta Unai Gaztelumendi Arandia. Gai jartzailea: Iban Narvaiza Cevidanes. Saiorako sarrerak hemendik erosi.
- Urriaren 20an, Errenteria-Oreretako Lekuona Fabrikan (17:00): final-laurdenetako saioa. Partaideak: Beñat Gaztelumendi Arandia, eta final-zortzirenetatik etorriko diren bost bertsolari. Gai jartzailea: Aizpea Garmendia Iartza. Saiorako sarrerak hemendik erosi.
- Urriaren 27an, Irungo Ficobako auditorioan (17:00): final-laurdenetako saioa. Partaideak: Oihana Iguaran Barandiaran eta final-zortzirenetatik etorriko diren bost bertsolari. Gai jartzailea: Uxune Areizaga Aranberri. Saiorako sarrerak hemendik erosi.
- Azaroaren 17an, Oiartzungo Elorsoro kiroldegian (17:00): finalaurrekoetako saioa. Partaideak: aurreko faseetatik iritsiko diren sei bertsolari. Gai jartzailea: Ane Ezenarro Beristain. Saiorako sarrerak hemendik erosi.