Bihar izango da Europako Plazak ekitaldia
Demokrazia, elkartasuna edota bakea bezalako balio europarrak herri txikietan sustatzeko helburua duten jardunaldiak dira.
Herri txikietan demokrazia, elkartasuna edota bakea bezalako balio europarrak sustatzeko helburua duten jardunaldiak dira eta Europako Batzordearen Espainiako Ordezkaritzak antolatzen ditu. Europa osoko herri anitzetan antolatu ondoren, bihar gurera helduko da.
Europako Plazak egitasmoa eguerdiko 12:00etan hasiko da, Kai Zaharrean. Ordu horretan Igor Enparan Hondarribiko alkateak ongietorria emango die Eusko Jaurlaritzako, Europako Batzordeko eta Bidasoa Txingudiko Mugaz Gaindiko Konsortzioko ordezkariei, eta harekin batera izango dira Cristina Laborda Irungo alkatea eta Itziar Azpiazu Hendaiako Udalaren ordezkaria.
Ekitaldi nagusiaren ondoren, egun osoan zehar, informazioa, kultura eta aisialdia ardatz izango zituzten jarduerak eskainiko dituzte. Hala nola, mugaz gaindiko proiektuen kudeaketa eta garapen jasangarriari buruzko erakusketa, edota Erasmus gazteen, Europako Batzordeko eta Kontsortzioko ordezkarien eta ikusleen arteko elkarrizketa irekia.
Europako Plazak aukera paregabea dela iritzi du Igor Enparanek, zenbait jardueren bidez herritarrek, eta bereziki gazteek, Europako Batzordeko ordezkariekin, tokiko eta eskualdeko agintariekin zuzenean hitz egiteko eta Europar Batasunaren politikak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen duelako. Ekitaldia doakoa den arren izena ematea beharrezkoa da. Hurrengo esteka honetan eman daiteke izena.