Baserritar eguna, jaiak agurtzeko
Bukatu dira 2024ko Hondarribiko Jai Nagusiak. Atzoko protagonistak baserritarrak izan ziren. Goizean goizetik Zumardia bere egin zuten.
Atzo gauean su artifizialak Butroi pasealekuaren hasieratik zeruratzearekin batera bukatu ziren Hondarribiko Jai Nagusiak. Baserritar eguna izan zen, eta beraz, baserritarrak izan ziren eguneko protagonista. Goizeko 09:30ean zabaldu zuten Zumardiko azoka eta herritar andana gerturatu zen bertako produktuak erostera eta animaliak ikustera. 12:00etan Andoni Egañak eta Angel Mari Peñagarikanok bertso saio bikaina eskaini zuten, eta arratsaldean, 17:00etan, animalien erakusketa egin zuten. Segidan, kantu-jirarekin, herri kirolekin eta euskal erromeriarekin bukatu zuten eguna.