Sei greba egun gehiago egingo dituzte etxez etxeko zerbitzuko langileek
Hondarribiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen greba egunak hilaren 12, 13, 16, 17, 26 eta 27an izango dira. Dituzten "lan baldintza eskasak" salatuko dituzte.
Hondarribiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek sei greba egun gehiago egingo dituzte. Hilaren 12, 13, 16, 17, 26 eta 27an izango dira greba egun horiek. Hamabi greba egun eginak daramatzate dagoeneko.
ELA sindikatuak jakinarazi du etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek lorezain, kiroldegi edo mantenuko langileek baino 8.000 euro gutxiagoko soldatak dituztela. Horrez gain, langileen gehiengoak borondatezkoak ez diren lan jardunaldi partzialak dituztela adierazi du sindikatuak, eta egutegi finkorik ez dutenez, hilabete bakoitzean zein soldata izango duten ez dakitela salatu dute.
Udalak eskaintzen duen zerbitzu publiko bat izanik, langileek beren “lan baldintza eskasak” salatuko dituztela jakinarazi du ELAk, eta lan baldintzetan ere emakume eta gizonen arteko berdintasunen alde egin dezatela eskatuko diote udalari.