Ane Zubeldia hondarribiarrak irabazi du Igartza saria
'Datorren udan ez gara hemen biziko' narrazio proiektuagatik irabazi du 10.000 euroko diru laguntza. 2026an argitaratuko du lan hau.
Ane Zubeldia hondarribiar itzultzaileak eta Mejillon Tigre kolektiboko kideak irabazi du 27. Igartza saria Datorren udan ez gara hemen biziko narrazio proiektuagatik. Hondarribiarrak 10.000 euroko diru laguntza jasoko du eta 2026ko hasieran argitaratuko du ipuin bilduma Elkar argitaletxearekin.
Sari hau Elkar argitaletxeak, CAF enpresak eta Beasaingo Udalak antolatzen dute, eta aurtengo ediziora 16 proiektu aurkeztu dira. Zubeldiaren lana aukeratzea Olatz Mitxelenaren, Irati Jimenezen eta Garazi Kamioren erabakia izan da, epaimahaia osatu baitute.