Alkatearen ebazpenak markatutako desfileak
Alkatearen arabera, gaurko eguna "errespetuz" joan da eta akordiorako elkarguneak sortzen lanean segitzeko konpromisoa berretsi du. Alkatearen ebazpenaren gainekoak, administrazioan ebatziko direla argitu du. Jaizkibel konpainiak, berriz, udal gobernua "legitimatu" du eta "elkarrizketa" aldarrikatu dute konponbidea lortze aldera.
Jaizkibel konpainiak lehenbizikoz burutu du alardearen ibilbidea osorik. Gernikako Arbolan hasi eta Sainduan bukatu dute, eta arratsaldean Zapatero jotzen jaitsiko dute aurrenekoz ere Kale Nagusia. Dena den, panoramika orokorra ez da urterokoa izan, Gernikako Arbolan ez baitira bildu alarde baztertzaileko kideak urtero egiten duten moduan. Aurtengoan alkateak sinatutako ebazpenean ezarritako ordutegia ez betetzea erabaki dute, eta gainera, ordu laurden geroago ekin diote haien desfileari.
Keinuen urtea izan bazen iazkoa, hutsunearena eta administrazioarena izan da 2024koa. Hutsunearena, alarde baztertzaileak indarra jarri duelako Jaizkibel konpainiarekin batera espazioa partekatzen ageri den irudia existitu ez dadin. Administrazioarena, alkatearen ebazpenaren bidez alarde parekide eta publikoaren alde urrats esanguratsua eman delako. Beste konpainien pare, ibilbidea osorik egiteko eskubidea izan du aurtengoan Jaizkibel konpainiak.
Balorazioak
Igor Enparan Hondarribiko alkatea prentsari zuzendu zaio alardea bukatu denean, eta azkeneko hiru asteak “tentsio handienez” bizi izan dituenak izan direla aitortu du. Atzoko [hilak 7] egunari buruz ari zen, udalbatzako kideek Arma Plazan dantzatu eta hainbat txistu entzun zirenekoa.”Bereziki” momentu tentsua izan zela oroitu du. Horren harira, gizartearen polarizazioa gai honetan ez dela “optimoena” iritzi du alkateak, eta akordiorako elkarguneak sortzen lanean segitzeko konpromisoa berretsi du.
Gaurko egunera itzulita, gaurkoa “errespetuz” bizitakoa izan dela ere baloratu du alkateak, bai Jaizkibelek eta bai alardeak tartea izan dutelako haien festa bizitzeko. “Herri bat gara, jai bat daukagu eta guztiok bizi nahi dugu jai herrikoi hau. Zalantzarik gabe gorrotozko mezuak izan baditugu ere, maitasunez eta sentimenduz jarraituko dugu lanean etorkizun batean amesten dugun Hondarribiko jai baketsu eta parte hartzaile batzuk izan arte”.
Alarde baztertzaileak ebazpena ez betetzeak ondoriorik izango al duen galdetuta, tramite administratiboak administrazioan ebazten direla adierazi du alkateak. Ebazpena bete duen Jaizkibel konpainiari buruz, aldiz, Jaizkibeleko kideek herria eta herritarrak “alaitasunez” printzatu dituztela goraipatu du, eta alardean parte hartu dutenen errespetua sentitu dutela udalkide guztiek ere nabarmendu du.
Alarde baztertzailea Gernikako Arbolan ez agertu izanaz ere mintzatu da alkatea, eta ez dakiela zergatia ez eta nondik norakoak esan du. Ebazpenean argi zegoela azalduta zeintzuk ziren baimendutako espazioak berretsi du, eta orain arteko elkarrizketek bizirik irautea espero duenez, alarde egunaren balorazioa egitean gauzak argitzea espero du.
Nora Ferreira Jaizkibel konpainiako kapitainak aurrerapausotzat jo du Gernikako Arbolatik ateratzea. “Oso kontent gaude aurrerapauso txiki honengatik. Guk gure espazioa bete dugu eta udala legitimatu dugu, bere ebazpena bete eta onartu dugulako. Guk guri zegokiguna egin dugu”. Gaineratu du “lasai” esan dezaketela ez direla bizilagunen beldur eta ez dutela banaketarik behar, “elkarrekin egon gaitezkeela”, alegia.
Bestalde, Jaizkibel konpainia “handia” dela “oso agerian” geratu dela ere nabarmendu du du kapitainak eta ezarritako lekuan ez direla kabitzen azaldu du. Hurrengo urtean, Jaizkibelek “dagokion tokian” egon behar duela aldarri egin du Ferreirak, eta arratsaldean Zapateroa desfilearen ibilbideari jarraiki jaitsiko badute ere, ez dutela alardean parte hartzea lortu oroitu du. “Alardea bakarra da eta ez gaude bertan”, erantsi du.
Ibilbidea “ondo” joan dela eta goiz “polita” izan dela baloratu du Ferreirak, txaloz betetakoa. Jaizkibel konpainiak ez zuela problemarik alarde baztertzaileko kideekin lekua partekatzeko zehaztu du kapitainak, ez eta festa denak batera ospatzekoa eta alardean parte hartzekoa. “Badago oraindik talde txiki baina indartsuegi bat emakumearen parte hartzea nahi ez duena, giroa nahasten ari dena eta elkarrizketaren bidea ere hartzen ez duena” salatu du kapitainak.
“Elkarrizketa eta konponbidea” berriro ere erdigunean kokatu nahi izan ditu Ferreirak gogoratuz elkarrizketa dela egungo gatazka konpontzeko bidea. “Alardea ondare immateriala da, guztiona da eta beraz, udalak, herritar guztion ordezkari gisa du hori sustatzeko ardura” azaldu du.
Hondarribiko udal gobernu taldea “babestu” dute ere, elkarrizketaren eta konponbidearen alde urratsak emateko apustua” egin duelako, eta “desberdintasunak desberdintasun” egin duten lana eta duen legitimitatea aitortu du Jaizkibelek.
Arartekoak ere tartea hartu du balorazioa egiteko. Manu Lezertuak Jaizkibel konpainia agurtzera etorri dela argitu du lehenik, eta Arartekoa eskubideen babesa emateko bertan egongo direla azpimarratu du. Aldaketa batzuk egon direla baloratu du Arartekoak “nire ustez onerako”, alkatearen ebazpenak Euskal Legea aplikatzen duelako. Lege horren arabera, ezin dira oztopoak ipini emakumeek parte hartzeko “jai honetan eta guztietan”. Alkateak ebazpenarekin “legea aplikatu” duela gaineratu du eta horregatik “pozik” agertu da Arartekoa. “Pixkanaka pausoak ematen ari dira eta elkarrizketa moduko bilerak egiten ari dira, alde batekoekin eta bestekoekin. Alkatea animatu nahi dugu bide horretatik segitzera. Ea alarde bat lortzen den emakume eta gizonek parte hartu dezaketena, inolako bazterkeriarik gabe”.
Bestalde, Jaizkibelek konpainia gisa desfilatu izana txalotu du Ibone Bengoetxea lehendakariordeak: “Gobernuak aitortza eman nahi dio aurrerapauso horri”. “Konponbide partekatua” aldarrikatu du Gipuzkoako ahaldun nagusiak.
Euskal Herriko Bilgune Feministak (EHBF) ez du hutsik egin aurtengoan ere ez eta udaletxeko arkupeetan Jaizkibel konpainia babesten egon dira “Gora Jaizkibel!” oihukatzen, besteak beste. Elene Lopetegi Olea EHBFko kidearen arabera, “berezitasun bat baino gehiago” egon dira gaurkoan eta Euskal Herriko jai guztietara estrapolatu daitekeen egoera dela gogoratu du. “Bada garaia emakumeok eta bestelako gorputz disidenteok gure herriko festetan espazio publikoa hartzekoa eta festak parte hartzeko eskubidea aldarrikatzekoa. Bidea geratzen da egiteke eta espero dugu lehenbailehen iristea alarde publiko, parekide eta bakarra izango dugun eguna”.
Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako bozeramailea ere Hondarribian izan da, Jaizkibel konpainiaren ondoan egotera. Aurten emandako “urrats txikia” nabaritu dela azaldu du eta urrats guztiak direla kontutan hartzekoak adierazi du. Dena den, ez dela erlaxatzeko momentua ohartarazi du, oraindik ere emateko urratsak daudela azaldu du, alarde publiko eta parekide bat izateko. Jarraian, eskerrak eman dizkie Hondarribiko Udalari eta erakunde desberdinetako EH Bilduri egindako lanagatik. “Jakin dezatela alboan izango gaituztela alarde publiko bakar eta parekide bat izan arte”, bukatu du.
Elkarrekin-Podemoseko bozeramaile Miren Etxebestek ere adierazpenak egin ditu. Alkatearen ebazpenari esker, “espazioak irabazi” direla uste du Etxebestek eta Kale Nagusian “berdintasuna” ikusi dela iritzi du. Espazioak irabaztea erabaki administratibotik haratago doa bozeramaile morearen esanetan, eta “alaitzeko eta goraipatzeko” pausoa dela uste du, nahiz eta alarde baztertzailekoek pauso hau ez duten “begirunez” ikusi. “Aurrerapausoen aurrean batzuek atzera egiten dute eta ez dute aurrera egin nahi”, deitoratu du. “Dudarik gabe bide onetik goaz eta argi dugu egunen batean alarde publiko bat egon behar duela, nahiz eta herriaren zati batek bere festa pribatuarekin segi nahi diskriminatzen jarraitzeko. Jende nahikoa dago alarde parekide bat antolatzeko eta udal gobernuari animatzen diogu behingoz antola dezan alarde publiko bat”.