"Gora Jaizkibel!" Kale Nagusian
Inoizko harrerarik handiena izan du Jaizkibel konpainiak gaur. Harro desfilatu dute ehunka kidek, babes osoarekin.
Inoizko harrerarik handiena jaso du gaur Jaizkibel konpainiak erakundeetako ordezkarien partetik. Kale Nagusia bete-bete azaldu da konpainia parekideari oles egiteko, herritarren partetik, eta baita gizarte eta politikako ordezkarien partetik ere. Txaloak, asko eta ozenak. Oihuak, aldekoak eta irmoak. Zerua gaur gris Hondarribiko Festa Nagusien egun handienean. Kaleak 27.enez berdintasun itxaropenez eta konpainiaren zapiaren kolorez blai. “Gora Jaizkibel!” Kale Nagusian konpainiak gora eta behera egin duenean. Arma Plazako errebistan ere alaitasuna, poza, konplizitatea eta festa gogoa. Jaiak bizitzen ari dira konpainiakoak eta espaloietako ikusleak. Festak gozatzeko baitira, berdintasunean eta errespetuan. Kale Nagusitik bueltan, berriz, Gernikako Arbola joanekoan bezala berriro hutsa; alarde baztertzaileko konpainiak ziren han egotekoak. Ez dute Jaizkibelen indarra ikusi nahi izan. Irmo jarraitzen dute baztertzaileek herrian apurka izaten ari den aldaketari ezikusiarena egiten. Hori bai, beste konpainietako hainbat gizon izan dira Jaizkibel jarraitzen, Guztion Alardea mugimendukoak horiek.
Alde zaharreko eliza nagusian egin diete harrera ordezkarik politikoek Jaizkibeli. Inoizko argazki handiena izan da: Igor Enparan alkatearekin batera, udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako (Abotsanitz, EH Bildu, PSE-EE eta EAJkoak lehenengoz) kideak han izan dira, denak txaloka EAJko Gonzalo Carrion izan ezik. Eider Mendoza ahaldun nagusia iaz bezala ere izan da harreran, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariarekin batera. Ibone Bengoetxea lehendakariordea ere zen. Arartekoa eta Emakundeko ordezkariak beti bezala presente. Beheraxeago, udaletxean, alderdi politikoetako ordezkari gehiago, beste hainbat erakundetako kideekin batera. Txaloak ere udaletxean. Jendarte hobe baten alde ari da borrokan Jaizkibel duela ia hiru hamarkadatik. Aurten konbikzio horrek inoizko onespen handiena izan du, era askotakoa gainera.
Kale Nagusian, HITZAk jasotakoaren arabera, txaloak eta aldeko mezuak bestetik ez ditu jaso Jaizkibelek. Behar bezala joan da aurten lehenengoz konpainia izaerarekin desfilatu duen lagunarte parekidearen joan-etorria. Arratsaldean, lehenengoz, Zapateroa-ren doinuekin jaitsiko dute herriko arteria nagusi eta esanguratsuena.
Behin Jaizkibelek goizeko desfilea egiten duenean, Hondarribian izan diren erakundeetako ordezkariek adierazpenak egingo dituzte. Horien berri geroxeago HITZAn.