Kasta atera du Hondarribiak Kontxan
Gaurko estropadan hirugarren izan dira berdeak, baina sailkapen nagusian ez dute aurrera egiterik izan.
Gaurkoan hirugarren, eta sailkapen nagusian bosgarren. Horiek, traza loditan, gizonen Hondarribiaren traineruak Kontxako Banderan lortutako zenbakiak edo postuak. Joan den igandeko bosgarren lekuarekin minduta, kasta eta arraunkera egokia atera, eta hirugarren sailkatu dira gaurko estropadan Urdaibai ahalguztidunaren eta Zierbenaren atzetik. Sailkapen nagusian, ordea, gutxigatik baina ezin izan dute jauzia eman berdeek. Bosgarren azkenean, laugarren izan den Oriotik bi ehunenekora. Lan oso ona egin dute, nahiz eta kontsolazioko txandan abiatu, berdeek. Zale berde gutxi gaur Donostian. Ulertzekoa: herriko festen egun handiena izaki, eta gainera, banderaren lehiatik urrun zen Ama Guadalupekoa.
Estropadari dagokionez, hirugarren kaletik hasi du kontsolazio txanda Hondarribiak. Aurrea hartu du hasiera-hasieratik, Getaria atzetik zuela. Ziabogaranzko bidean 4-5 segundoko alde iraunkorra izan dute berdeek, biran 6raino handitu dena. Uste zenaren kontra, itsasoaren baldintzak ez dira bortitzak izan, alderantziz: badian batez ere, leun ura. Hala, bueltakoan Getariarekiko aldea mantentzea lortu dute hondarribiarrek, lasai asko gainera. Helmugaratzea 19.18koarekin egin du Ama Guadalupekoa traineruak, denbora oso ona; zazpi segundo atzetik izan dute Getaria bukaeran, eta urrun sartu dira Cabo (19.48) eta Kaiku (19.58) txandakideak. Ohorezko txandako lau traineruek Hondarribiak baino denbora hobea egin dute ziabogan. Baina bueltakoan estutu egin dira tarteak, eta gaurko hirugarren postuaren gako izan den bueltako luzean bi postu aurrera egin ditu Hondarribiak. Urdaibaik 19.04an gelditu du kronoa, eta Zierbenak 19.17an.
Orain, Eusko Label Ligako azken bi jardunaldiak dituzte begien bistan Mikel Orbañanosek eta kirolariek. Bermeon (larunbatean) eta Portugaleten (igandean). Bosgarren dira sailkapen nagusian 154 punturekin, Orio laugarrenetik bira (156). Beraz, badute helburua: sailkapen nagusiari begira ohorezko txandakide izatea, hau da, lehen lauen artean sailkatzea alegia. Ligako seigarrena Getaria da, eta ez dute aukerarik Hondarribiaren puntu kopurura hurbiltzeko ere.
Kontxako Banderari dagokionean, sorpresarik ez. Bermeo-Urdaibaik erraz irabazi du gaurko estropada, beraz, 2024ko Kontxako Bandera. Boteretsu azaldu dira berriz ere bizkaitarrak. Zierbenarentzat izan da zilarra, eta Donostiarrarentzat hirugarrenaren ohorea.
2024ko Kontxako Bandera. Gizonen sailkapen nagusia.
- 1. Bermeo-Urdaibai 38.10.08
- 2. Zierbena 38.36.78
- 3. Donostiarra 36.46.70
- 4. Orio 38.51.64
- 5. Hondarribia 38.51.66
- 6. Getaria 39.17.72
- 7. Kaiku 39.44.90
- 8 Cabo 39.51.22