Hunkituta eta eskertuta jaso du urrezko intsignia Gloria Gonzalez Aseginolazak
Gonzalez Aseginolazak egiten duen lan handia eta ezinbestekoa nabarmen jarri du Igor Enparan alkateak: "Hondarribiko neska gazteentzat zientzialari izatearekin amestea, errazagoa da gaurtik".
Aurretik jai giroa nagusi izan bada ere, gaur eguerdian piztu dute Arma Plazan jaiei hasiera eman dien txupina. Ordu erdi geroago, aitortza egin dio Hondarribiko Udalak, herriaren izenean —finean haien bozkek aukeratu baitute aurtengo urrezko intsigniaren hartzailea— Gloria Gonzalez Aseginolaza zientzialariari. Hark, hunkituta eta eskertuta jaso du bere herriaren eta herrikideen aintzatespena goraino bete den udal areto nagusian.
Agurra dantzatu diote udal arkupeetan zientzialariari, eta udal ordezkari, senide, lagun eta bertaratu diren herritarrekin batera igo da udal areto nagusira omendua. Bertan, Igor Enparan alkateak hartu du hitza lehenik. Historiari errepasoa eginez hasi du hitzartzea Enparanek eta gogora ekarri du gaurko egunez, 1638. urtean setiatuta zutela herria, “gure arbasoek, etsaia mendean hartzea lortu zuten, gure hiri maite honetako herritarren ospakizunak gure garairaino iritsi dira. Urtez urte, hondarribiarrok egun honen oroitzapen iniziatibak egiten ditugu eta 366 urte geroago ere, hemen gaude, egun berezi hau gure eginez”.
Gaurko aitortza ekitaldiaz hitz egin du ondoren, eta nabarmen jarri, herritarrak izan direla aukeratu dutenak omendua, “balio handiko hautagaitzak aurkeztu, zein haien artean nori eman urrezko intsignia erabakitzeko heldutasuna dutela erakutsi duten herritarrak”. Urrezko intsignia, Hondarribiak ematen duen sari handiena da.
Ohorezko bereizgarria jaso duen hondarribiarraren bizi ibilbidea egin du ondoren alkateak, zientzialaria eta biologian adituak ibilbide profesional handia duela soinean nabarmen jartzeko: “Hondarribiko neska gazteentzat zientzialari izatearekin amestea, errazagoa da gaurtik. Baina ez da horrela izan beti, eta eredua zara. Herritik hasi zenuen bidea, mundura zabaldu da”. 2014 urtetik aurrera zientzialariak izan duen ibilbide profesionala zerrendatzea zaila egiten zaiola aitortu du Enparanek, “gene terapiaren eta gene adierazpenaren erregulazioaren alorrean egindako lanketak goraipatzekoak dira. Gaur egun Nafarroako Unibertsitateko Ikerketa Mediku Aplikatuko zuzendariorde, hainbat programa eta laborategietako ikertzaile nagusietako bat zara. Baina nik goraipatzea baino, zure arloan, maila zientifikoan goraipatzea dauka baliorik handiena”.
Omenduari kristalezko sabaia zartatu izana ere aitortu dio udal agintariak gaurko ekitaldian. Denaren gainetik zientzialariaren onberatasunari jarri dio fokua Enparanek, “izan ere, kezka eta ikerketa besteei laguntzera bideratu dituzu, zaurgarrienei laguntzera bereziki. Arrotz gisa deitzen diren gaixotasunei aterabide bat aurkitzera bideratzen baituzu zure lana, ia inork ikertzen ez dituen horietakoak dituzu jomugan”. Ekiteko ahalmena ere aitortu dio, “erakunde publikoek egiten ez duten hori egin duzularik edo duzuelarik taldean, ikertzen jarraitu ahal izateko”.
Hunkituta eta eskertuta
Intsignia txalo zaparrada artean jasota, hitza hartu du Gonzalezek. Eskerrak eman dizkio alkateari, eta herriari eta harrotasunez jaso duela intsignia esan du. Esker ona, bihotzez, “hunkituta eta oso oso urduri nago, honetarako inork ez zaitu prestatzen”. Alaba, iloba, ahizpa izan dela beti Hondarribian esan du, eta lehen aldiz, aitortzarekin, Gloria Gonzalez Aseginolaza izan dela erantsi du. Berea zientzialari guztiei egindako aitortza dela uste duela nabarmen jarri du ondoren hondarribiarrak, “ikertzaileei herritarrak ematen ari diren balioaren erakusgarri da hau. Ikerketan, bakarrik ez gara ezer, lan taldea da muina eta nirekin elkarlanean aritu diren guzti-guztiei eskerrak eman nahi dizkiet. Horietako batzuk hemen daude eta horrek ilusio handia eragiten dit”.
Jaio zenetik, bera gaur egun dena izateko gako izan diren guztiei esker ona Gonzalezek gaurko ekitaldian. Saria jasotzeko hautagai zian den arrantzaleen kofradiari ere egin dio aipamena, “nik ez nuen espero inondik inora aitortza hau jasotzea, kofradia herri honen eusle eta arima izan da urte luzeetan, eta oso merezia zuten aitortza hau. Ikastolako sortzaileei ere, egin zutena egin zuten garaian ez zelako erraza izan; ikaragarrizko ausardia izan zuten, baita aurrera egiteko gogo bizia ere”.
Txaloekin erantzun dute bertaratutakoek, eta udal ordezkariekin argazkia eginda bukatu dute ekitaldia.