"Elkarguneen, ospakizun bateratuen eta lasaitasunaren" aldeko mezua zabaldu du Jaizkibelek
Hasieratik udal gobernuaren lana zilegiztatu du Jaizkibel konpainiak eta hartutako erabakiren batekin guztiz konforme ez badaude ere (Gernikako Arbolaren kokalekua eta lur zatia, kasu), orokorrean, "pozik" agertu dira aurten emandako pausoekin.
Hiru egun falta dira Hondarribiko Jai Nagusiak hasteko, eta lau egun herriko jaietako egun berezienerako. 2023ko udal hauteskundeen ondorioz, Abotsanitzek eta EH Bilduk osatzen duten udal gobernu talde berriaren eskutik aldaketak iritsi dira herrira. Iaz aldaketak sinbolikoak izan baziren ere, aurten sakonagoak eta esanguratsuagoak izan dira.
Erabaki horiek, ordea, hautsak harrotu dituzte herrian. “Herriko giroa lokazteko saiakera guztien gainetik”, Jaizkibel konpainiak, “elkarguneen, ospakizun bateratuen eta lasaitasunaren” aldeko mezua zabaldu nahi izan du. Herriko etxeetako buzoietara bidali duten gutunean azaldu duten bezala, horren alde lanean jarraituko dute udal gobernuarekin zein bestelako eragileekin. Aurrerago, irailaren 8a pasata, jaien gaineko balorazio sakonago bat egingo dutela aurreratu dute.
Hori horrela, alkateak sinatutako ebazpenen eta horien aldaketen inguruan bi hitz esan nahi izan dituzte. Alde batetik, ebazpena dokumentu bakarrean etorri izana garrantzitsua dela adierazi dute konpainiako kideek, nahiz eta, aurrerantzean “dokumentu bat izatetik, errealitate bilakatzera urratsak ematen” jarraitu behar dela argi duten.
Aldi berean, “pozik” agertu dira Gernikako Arbolan beste konpainia bat bezala egoteko eskubidea izango dutelako, baina konpainiari egokitutako lur eremua txikiegia izateaz gain, ustezko “segurtasun distantzia” bat mantentzera behartuko dituztela kexatu dira: “Denek dakite ez garela bertan sartuko, udalak, beste konpainiak, udaltzaingoak… Honetaz gain, gure eta beste konpainien arteko “segurtasun” distantzia bat mantendu beharra ez dugu ikusten. Gu ez gara gure herrikideen beldur, alboan egon gaitezke” esan dute.
Bestetik, Zapateroa Kale Nagusian behera egingo dute aurten lehenengo aldiz, eta erabaki hori pozik hartu zutela adierazi dute, baita begi onez ikusi ere Murrua kaletik ateratzearen aldaketa. Hori baitzen Jaizkibelek udalari egindako hasierako eskaera. Hala eta guztiz ere, udala alardea antolatu behar duen figura dela iritzita, udal gobernuak egin duen ebazpenaren lana hasieratik zilegiztatu zutela nabarmendu dute konpainiako kideek: “Hasieratik udal gobernuak emandako lehen ebazpena onartu genuen eta ez dugu inongo momentuan aldaketarik eskatu, hauek azkenean egon diren arren”. Zentzu horretan, hurrengo pausoa alkateak “alarde parekide bakarrerantz” erabakiak hartzen hastea dela zehaztu dute.
Azkenik, Jaizkibel alderdi politikoen liskarretatik at dagoela esan dute, beren alorra giza eskubideena baita. Horregatik, harrera egiten dien edonor ere “ongi etorria” izango dela nabarmendu dute.
Atzo atsedena egin ondoren, gaur egingo dute 2024ko azken entsegua. Bitoriano Juaristi kaletik irtengo dira 20:00etan. Arratsaldeko lehen txibilitu eta danbor hotsekin bidean aurrera egiten jarraituko dute, “pauso sendoz aurrera, helburu dugun Alarde Publiko Bakar eta Parekiderantz aurrera”.