Emeki elkarteak "berdintasunean eta askatasunean" oinarritutako jaiak aldarrikatu ditu
Berdintasunean eta askatasunean oinarritutako jaiak lortzeko "urrats sendoak" emateko garaia dela adierazi dute, eta hori lortzeko bidean "elkar entzuteko eta errespetatzeko" deia egin dute.
Larunbat honetan hasiko dira Hondarribiko Jai Nagusiak, eta igandean izango da jaietako egunik garrantzitsuena. Egun horri begira bereziki, Emeki Emakume elkarteak 30 urte beteko dituen gatazkari irtenbidea bilatzeko “urrats sendoak” emateko garaia dela adierazi du ohar baten bidez.
“Kontuan izan dezagun gure alboan dagoen laguna, familiako kidea, herritarra” esan dute, eta “elkarri entzunaz, elkarri errespetatuz guztion artean bilatu dezagun bidea berdintasunean eta askatasunean oinarritutako jaiak lortu arte”.
Aldi berean, Emeki elkartea emakume guztien topagunea dela nabarmendu dute ere, “gai honetan eta besteetan edozein ideologia dela ere”, eta beraz, emakumeak seguru eta aske sentitzeko gunea izaten jarrai dezan lanean jarraituko dutela adierazi dute.