Auntxa Trikitixa Eskolak izen ematea zabaldu du
Trikitia eta panderoa ikasteko aukera eskaintzen du Auntxak. 6 urtetik gorako edonori zuzendutako ikastaroak dira.
Auntxa Trikitixa Eskolak 2024-2025 ikasturterako izen ematea ireki du. Trikitia eta panderoa ikasteko aukera eskaintzen du Auntxak, betiere sei urtetik gorako pertsonei. Hala ere, Auntxakoek esan dute inor ez dagoenez behartuta klaseekin irailean hasteko, ez dagoela izena emateko azken egunik. Abenduan ikasten hasi nahi duenak atea irekita topatuko du.
Eskolak astelehen, asteazken eta ostiralean ematen dituzte, Aldabe Mendia kaleko 31. zenbakiko eskolan eta ordubeteko iraupena izaten dute. Panderoko klaseen kasuan, talde bakoitzean hiruzpalau ikasle hartzen dituzte; trikitian, berriz, bi ikasle hartzen dituzte klaseko, baina bakoitza gela batean egoten da. Eskola horiez gain, ordea, ikasturtean zehar egiten dituzten emanaldietarako aparteko entseguak ere egiten dituzte.
Bestalde, gehitu dute irakaskuntza metodo ezberdinak erabiltzen dituztela, baina gehien erabiltzen dutena zenbaki bidezko metodoa dela, “errazena eta azkarrena” delako.