Guztion Alardea: "Banatu nahi gaituzten gorroto mezuen aurrean zubiak eraikitzeko eragileak izan gaitezke"
HAOS elkartearen segurtasun diskurtsoa desegin eta emakumeen parte hartzearen alde dauden mutilak Alardean parte hartzera gonbidatu dituzte.
Iragan astean Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkarteak (lehengo Alarde Fundazioak) irailaren 8ko ordutegiak eta ibilbideak agintzen dituen dekretuaren inguruko “kezka” eta “haserrea” plazaratu zituen gutun baten bidez. Dekretuan adierazitakoa elkarteak alkatearekin izandako elkarrizketetan adostutako horretatik aldentzen zela adierazi zuten, eta ondorioz, hartutako erabakiek “Gernikako Arbola berriz arrisku eremu” bihurtuko zutela. Izan ere, aurten ere Jaizkibel konpainiak Gernikako Arbolan kointzidituko du HAOS elkarteak antolatzen duen desfilearekin.
Gutuna plazaratu eta egun batzuetara erantzun dio Guztion Alardeak HAOSi. Iaz Gernikako Arbolan Jaizkibel Konpainiako lagunak agurtzea ekiditen saiatu zirela adierazi dute, eta aurten ere, “segurtasunaren aitzakiarekin” herritarren arteko banaketa “bizirik mantendu” nahi dutela salatu dute.
Guztion Alardeko kideek, gainera, gogorarazi dute elkarte pribatu batek ezin duela espazio publiko bat bere erabilera propiora soilik mugatu. Jaizkibel Konpainia, urtero, beste konpainien atzetik heltzen da Gernikako Arbolara eta “ez da ezer gertatzen” esan dute: “Ze segurtasun espazio behar dugu agurtu nahi garen herritarren artean? Aurten Alardeko agintariek segurtasuna urratzeko asmoa al dute?”.
Gutunari erantzuteaz gain, Alardean parte hartzen duten gizonezkoei zuzendu zaie ere. Kasu honetan, emakumeen parte hartzearen alde dauden mutilak Alardean parte hartzera gonbidatu dituzte. Izan ere, “egoeraz nazkatuta egoteagatik” edota “emakumea gizonaren parean egoteko aukera ez duen espazio batean egoteak eragindako deserosotasunaren harira”, gizon askok Alardean parte hartzeari uko egin diote.
Honakoa urte luzez gertatu den arren, “geldiezina den prozesua azkartzeko gaitasunaz jabetuta”, eta “banatu nahi gaituzten gorroto mezuen aurrean”, zubiak eraikitzeko eragileak izan daitezkeela adierazi dute eta “barrutik” pauso garrantzitsuak emateko aukerak dituztela jakinarazi diete.