Hondarribiko gazteek berdez ez ezik, txuri, gorri eta beltzez ere jantzi dute Soroeta
Herri berdeko Gazte Eguna ospatu dute gaur Soroetan, eta Palestinari elkartasuna adierazi diote bazkari eta festa autogestionatuarekin.
Laster hilabete bat faltako da urriaren 7an Israelek Gazan ofentsiba indartu eta 40.400 palestinar baino gehiago hil dituenetik. Urte osoan eta Euskal Herria osoan zehar bezala, Hondarribian ere elkartasun keinua egin diote Palestinari, modu autogestionatuan antolatutako bazkari eta festaren bidez. Bultzada ematen aritu dira Hondarribiko Udala eta Antxeta Irratia ere.
Autogestioan eta autofinantzaketan oinarritzen da Gazte Eguna eta ia urtero –2022an izan ezik– aldarrikapen sozial edo politikoren batekin bat egin dute. “Munduan ditugun gatazkak bost mila dira, baina ikusita Palestina jasaten ari den sarraskia eta giza eskubideen urraketa, ez genuen dudarik izan gure laguntza minimoa hara bidali behar genuela”, azaldu zion Urko Iridoy antolatzaileak HITZAri.
Eguna, Madalen plazan hasi dute gazteen arteko jolasekin. Eguerdia iritsi bitartean plaza betetzen joan da, eta gazte bazkariko zapi zuridunak protagonismoa hartzen hasi dira. Zapian “Palestina askatu” irakur zitekeen, baita edalontzietan ere. Behin Soroetako pilotalekura iritsita, bazkaltzen hasi dira.
Orain, Palestinaren aldeko argazkia aterako dute eta kontzertuak hasiko dira. Festaz gozatzera joan nahi duen herritar guztiei dei egin diete bertaratzera, ekaitza egiten badu ere. Lehenbizi, Fan&Go taldeak erromeriarekin girotuko du frontoia, eta segidan Pertz eta DJ Zezen arituko dira. Hondarribiko gazteriak festen gose jarriko du herria festen atarian.