"Etorkizun gordina samurtzeko, egin dezagun zerbait"
Ozeanografia lizentziatura ikasi eta mundu osoan zehar lanean aritu da hondarribiarra. Izan ikertzeko, laginak hartzeko edota hitzaldiak emateko. Une honetan, Greenfjord proiektuan dabil buru belarri.
Castrillejok itsasoak klimarekin eta gizakion aktibitateekin dituen hartu-emanak aztertzen ditu. Haren bizipenak kontatu, klima larrialdiaz ohartarazi eta deskarbonizaziorantz neurriak hartzea beharrezkoa dela azaldu du.
Uztailean Groenlandian izan zinen. Zer da zehazki bertan egin zenuena?
Sanna izena duen 32 metroko itsasontzi batean egon gara, eta ni eta beste zazpi zientzialari Suitzak gidaturiko Greenfjord proiektuan lanean ari gara. Lantaldea Hego Afrikako, Alemaniako, Frantziako, Suitzako, Errumaniako eta Euskal Herriko zientzialariek osatzen dugu. Groenlandia hegoaldeko Narsaq herrixkatik atera eta glaziarrek askaturiko izotzaz inguraturik egon ginen Sermilik fiordoan. Groenlandian zientzia egiteko aukerak eskasak direnez itsasontzian 14-18 orduko lanaldiak egin genituen 12 egunetan ahalik eta lagin eta informazio gehien lortzeko. Lanorduak eramangarriagoak egiteko bertako sei itsas gizon eta andre batu zitzaizkigun. Beraiei esker iceberg artean ibili eta neurketak egiteko instrumentuak uretan jarri ahal izan genituen.
Groenlandiako fiordoak eta bertako bizilagunak gogorki ari dira klima aldaketa pairatzen beroketa efektuagatik, glaziarren txikitzea besteak beste. Globalki, itsasoak orain arte gizakiak isuritako CO₂-aren laurden bat xurgatu du, neurri batean uretan bizi den fitoplanktonari esker. Baina argitzeke dago glaziarren eta itsasoko izotzaren desegiteak zein modutan aldatuko duen itsas biologia eta kimika, eta horrek, itsasoak duen CO₂ bahitzeko gaitasuna. Sanna-n egon garen lagunok neurketak egin eta lagin ugari hartu ditugu: ura, berotegi efektuko gasak, neurketa kimikoak eta fisikoak…
Gure lana garrantzitsua izan arren, finean tantatxo bat gara, naturarekin harremanetan eta klimaren jakintzan aurrera egiteko. Itsasoak milioika pertsonentzako sostengu ekonomikoa eta bizipoza eskaintzen ditu, klima erregulatzearekin batera.
Nolakoa izan da bidai hori egiteko prestaketa?
Pasa den abenduan eskaini zidaten Lausanako (Suitza) ikerlari lanpostua. Orduan hasi ginen espedizio honetarako kolaborazioak ehuntzen eta beharrak asetzeko materiala eta instrumentuak erosten, eraikitzen eta beste herrialdeetara materiala bidaltzen. Itsas zientzialariok multi tasking-a ondo maneiatu behar dugu. Itsasoratu aurretik hamabost bat palet goraino beteta atera genituen kontainer batetik, garabi batekin itsasontzian sartu eta hutsik zeuden laborategiak gure atxamartekin bete genituen. Egun bat izaten ohi dugu laborategiak prest eduki, gauzak ondo amarratzeko eta itsasora ateratzeko. Lan askoko eta intentsitate handiko egunak izaten dira. Itsasoratu aurretik ez eta ontzian egonda ere ez genuen lo askorik egin. Itsasontzia izotzean barrena ibili zen, fiordoan zehar bidea irekitzen. Izotz puska handi bakoitzak zartako ederra ematen zion Sanna ontziaren txapazko azalari.
Behar zenituzten laginak hartuta, zein izango da hurrengo pausoa?
Lanaren zati handi bat itsasoan bertan egiten dugu espresuki, Sannan eraikitako laborategietan: kimika, partikulen filtrazioa, labean laginak lehortu, -80C gradutan izoztu… Orain, Torio-234 isotopoa neurtzeaz arduratuko naiz, Groenlandiako partikula eta uretan. Horretarako, beta irradiazioa neurtzeko detektoreak prest utzi nituen Lausanako Unibertsitatean Groenlandiara joan baino lehen. Nire kasuan, prozesu osoak urte bat inguru irauten du behin behineko emaitzak lortu arte. Gero, analisi estatistikoak eta interpretazioak egin eta emaitzak komunikatzeko garaia izango da, zientzia kongresutan, artikuluen bitartez eta publiko zabalari zuzenduriko aktibitateetan.
Orokorrean zientzialariak ez zarete oso pertsona ezagunak izaten. Nor da Maxi Castrillejo?
Egia da hori. Zientzialariok ez dugu futbolarien itzala, nahiz eta batzuk Youtuber moduan bidea irekitzen ari diren. Kostaldeko beste askoren moduan itsasoaz gozatu eta bizimodu bihurtu duen hondarribiarra naiz, nahiz eta azken hogei urteak etxetik kanpo bizitu, bertako hizkera mantendu eta herria bihotzean eraman duena. Burugogorra eta erronkak gogoko dituena, ikasketa eta zientzia mailan. Kirolean petrala, baina surfean, eskalatzen eta mendian gustura ibiltzen dena. Oso on edo onen langan sartuko naute batzuek, baina nik diodana zera da: eskerrak ez naizen zientzian kirolean bezain makala! Egindako bidea polita izan da.
Zein da zure lan esparrua?
Itsas zientzialari garenok lurrazalaren %70 ikertzea dugu xede. Itsasoak klimarekin eta gizakion aktibitateekin dituen hartu-emanak oso estuak eta garrantzitsuak dira, baina harreman horietako asko ez ditugu nahi bezala ezagutzen. Hor dago gure lana. Ikasketa aldetik, gure esparruan matematika, kimika, biologia, geologia eta fisika lantzen ditugu beti ere itsasoa eta honek atmosfera, lurrazala, biota eta gizakiarekin dituen konexioetan sakontzeko.
Oso gai zehatza izanda nola jakin zenuen hori ikasi nahi zenuela?
Nire kasuan erraza izan zen gustuko bideari ekitea. Ama medikua, aita eta izeba-osabak irakasleak, eta aiton-amona-osaba arrantzaleak ziren. Hortik datorkit seguru zientzia, jakin mina eta itsasoarekiko lotura. Oso txikia nintzela banekien itsasoa gustuko nuela. Hondarribiko itsasontziak marrazten nituen: Izar Zuri, Tuku Tuku, aiton osabaren San Frantzisko… Hondarribiko San Pedro kalean bizi nintzen. Garai hartan arraina Benta Zaharrera ekartzen zuten eta hortik etxe ondoko arrandegira. Gaur egun turistaz gainezka dago San Pedro kalea, baina garai hartan bazen oraindik atzerritar baino antxoa gehiago kale horretan barrena. Osaba Miguelek txipironeran eramaten gintuen, eta nahiz eta ale bakar bat ere ez harrapatu, oso pozik joaten ginen motoran.
Gazte gehienen modura, institutuan ikasle nintzela, ez nuen argi zer ikasi. Orduan jakin nuen bazela itsas zientziak egiteko aukera eta bazirela zenbait hondarribiar bide hori egin zutenak. Garai hartan arkitektura eta horrelakoak gomendatzen zituzten irtenbide oparo gisa. Itsas zientziak karrera ez zen horren ezaguna eta jendeak brometan edo zirikatzeko esaten zuen: «Zertarako arrainei jaten emateko?». Zorionez hasieratik gurasoen babesa izan nuen benetan interesgarria den ikasketa eta ogibidean aurrera egiteko.
Kanariar Uharteetan ikasi zenuen eta ordutik kanpoan ibili zara ikertzen. Non lan egin duzu?
2004an hasi nuen orduko bost urteko ozeanografia lizentziatura Kanaria Handian. Ondo moldatzen nintzela ikusita Southamptoneko (Erresuma Batua) National Oceanography Centerrera joan nintzen masterra ikastera. Gerora etorri ziren Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa, New Yorkeko Columbia University, Massachusseteko Woods Hole Oceanographic Institution, Suitzako ETH-Zurich, Londoneko Imperial College… eta orain Lausanako Unibertsitatea. Zientziak ahalegin kolektibo bat behar du izan. Maila internazionalean harremanak landu behar ditugu, teknika ezberdinak elkarbanatu, adituengandik ikasi eta guk ikasitakoa besteei erakutsi. Beraz, sarritan, leku askotan ibiliak gara lanean.
Gainera, ia urtero eduki dut aukera hilabete pare batez bulego eta laborategia utzi eta itsasoan murgiltzeko. Nire lehenengo espedizioa Hego Afrikatik Uruguaira egindako 35 eguneko ibilbidea izan zen itsasontzi ingeles batean.
Nolakoa izan da ibilbide hori?
Egia esateko, polita bezain korapilatsua izan da. Txoro-txoro bizi erdia baino gehiago daramat etxetik kanpo, gehiena atzerrian. Gaztetan gustura nenbilen atzerrian, baina motxilaren zama geroz eta gehiago sumatzen dut. Ez da samurra lagun eta familiatik urrun egotea. Eskerrak emakume zoragarri bat dudala alboan eta badugula guk ere gure bizipoza, orain, Suitzako mendietan. Honetan jarraitzen badut argi dago balantzak baduela bere alde ona ere bai, noski. Harreman oso politak ehundu ditut espedizioetako eskifaia eta zientzialariekin munduan zehar.
Akademian aurrera egiteko finantzaketa gobernuek eskaintzen dute normalki. Proiektu bat idatzi beharra dago non argi adierazten den zein den premia, helburua, erantzun beharreko galderak eta zein metodo zientifiko erabiliko duzun helburu horiek betetzeko. Deialdi lehiakorrak dira eta finantzaketa ez dago ziurtatua. Kontent jartzen gara urte pare baterako dirua eta lanpostua ziurtatzen ditugunean.
Zein ikerketak bete zaitu gehien?
Fukushimako lanak asko bete ninduen gizarteari eta ingurukoei gehien hurbildu ninduelako. Interesa zegoen lehen eskuko informazioa edukitzeko. Izan ere, kontaminazioa eta erradioaktibitatea gai nahiko delikatuak dira, eta horien inguruko jakin mina eta larritasuna eskutik doaz. 2011n lurrikara eta tsunami sorta batek Japoniako kostaldea kolpatu zuten, baita bertako Fukushima Daichiko zentral nuklearrak zartatu ere. Ondorioz, elementu erradioaktibo ugari isuri ziren. Ez zegoen argi, ordea, zenbaterainoko isuriak eta zer motatako erradioaktibitatea zegoen kutsatutako lur horietan. Guk erakutsi genuen urte batzuk igarota oraindik ere bazela estrontzio eta zesio isotopoen jarioa, nahiz eta legearen barnean zegoen. Aurkitutakoak inplikazio politikoak zituen arren ez genuen zentsurarik izan eta emaitzak libreki azaldu ahal izan genituen.
Mundua, klima larrialdiaren ondorioz, beste modu batera ikusten al duzu orain?
Itsasoari, paleoklimari, karbonoari eta beste abarri buruz ikasi izanak laguntzen du iritzi osatuago bat edukitzen gaur egun askoren ahotan dagoen gai bati buruz. Kutsaduraz gain, nire ikerkuntza nagusia itsasoko korronteen abiadura eta ibilbideak ikertzea izan da. Gai hau oso loturik dago itsasoak atmosferari hartu eta ematen dion beroarekin eta karbono dioxidoarekin, adibidez. Karbonoaren zikloa ere jorratu dut urte batzuetan, hau da, itsasoak karbono dioxidoa nola xurgatzen duen, non gordetzen duen…
Beste arlotan ongi formatutako jendeak oraindik galdetzen dit ea benetan klima larrialdi honetan gizakiok zerikusirik dugun eta ea zerbait egin dezakegun gauzak hobetzeko. Bai eta bai erantzuten diet nik eta baita zientzialarien komunitateko gehiengo zabal-zabal batek ere. Esango dizuegu ere deskarbonizaziorantz neurriak orain edo epe motzean hartu beharrekoak direla, eta ez ekonomia globalaren denboratan. Errealitatea gordina da. Klima larrialdiak gure egungo ongizatearekin eta kapitalismoarekin egiten du talka. Horregatik, negazionistak eta erregai fosiletan interesa zuzenak dituztenak saiatzen dira esnearen kolorea zuria dela dudan jartzen. Neurri batean gure aiton-amonen bizimodura egin behar dugu atzera. Gauza gutxiago erosi eta eduki, gehiago erabili, gutxiago bidaiatu… bizitza xumeago bat izan finean. Ez da zer uste dugun, edo zer nahi dugun, baizik eta zein irtenbide aurkitu behar diogun gizateriak duen arazo larrienari. Neurri batzuk hartzea ez da samurra izango, baina inbertsio bezala ikusten dut nik. Egin dezagun zerbait orain, bestela geroago oso egoera latzak pairatuko ditugu.
Zerk kezkatzen zaitu gehien?
Bi gauzek kezkatzen naute. Lehenengoa gizatiarra da. Ez gara gai arazoa gure muturraren aurrean parez-pare dugun arte erreakzionatzeko, eta gainera, kostatzen zaigu akatsetatik ikastea. Gure etxe atarian gauzak gordin-gordin direnean mugitzeak ez du balioko. Lan handia egin behar dugu datozen 20-30 urteetan deskarbonizazio arrakastatsu bat lortu eta berotegi efektua 2 graduren azpitik mantentzeko.
1970. hamarkadan hasi ziren beroketa globalari buruz hizketan Wally Broecker geokimikari, ozeanografo eta klima zientzialariari esker. 50 urte hauetan argi ikusi dugu garai hartako beroketa aurreikuspenak betetzen ari direla eta egin beharrekoaren oso atzetik gabiltzala. Gaur egungo modelo klimatikoek erakusten dute argiki gure esku dagoela planeta gehiago edo gutxiago berotu, bizitza latza edo ez horren latza hautatu. Beraz, goazen asmo handiko proiektuak gauzatzera.
Bigarren kezkak gure gizarteak neurriak hartzeko duen gaitasunarekin du zerikusia. Euskal Herrian 80 bat urteko bizi itxaropena dugu, eta urte horiek gogoz eta bizitza txukatuz bizi nahi ditugu, beste edonoren moduan. Gure kezkak, hau da, etxebizitza, lana, osasuna, aisialdirako denbora… lau urteko ziklo politikotan bideratzen ditugu, bata edo besteari edo inori bozkatuz. Honek ahalbidetzen du klima larrialdia eta eredu ekonomikoa arerio politikoa higatzeko erabiltzea. Sistema ez da aproposena epe luzerako erronkei aurre egiteko. Beraz, aldaketa klimatikoari aurre egiteko modu bakarra proiektu anbiziotsu baten inguruan adostasun politiko zabalak eraikitzea da.
Zaila izaten al da mezua herritarrengana iristea?
Interes handia dago itsasoari eta klimari buruz jakiteko, bereziki belaunaldi berrien aldetik. Uste dut mezuak iristen direla, baina informazioz saturatuta bizi gara, ia egun osoa pantaila bati atxikiturik. Mezua herritarrengana iristeak ez du esan nahi prest dagoenik jasotako informazioarekin zerbait egin edota ekintzetara pasatzeko.
Niri ere gertatzen zait. Badut interesa jakiteko zer gertatzen den Palestinan, Ukrainan edo Venezuelan. Baina gero, zer egiten dut informazio horrekin? Diru laguntza txiki bat eman agian, berriren bat partekatu sare sozialetan… Uste dut klimari buruz irakurtzen duenak ere horrela egiten duela.
Une honetan Suitzan bizi zara. Toki ona al da zientzialarientzat?
Itsas zientzialari izanda, nolatan Suitzan? Egia da Suitzak ez duela azpiegitura ozeanografiko handirik, baina guk baditugu gure kolaborazioak maila internazionalean itsasora joateko. Beraz, ondo gaude oraingoz. Suitzak beste herrialdeen aldean baliabide ekonomiko gehiago ditu, eta gainera, baliabide horiek modu efizienteagoan kudeatzen ditu. Estatu federala izanik, tokian tokiko beharrak kantoi bakoitzak kudeatu ditzake neurri handi batean, eta hori abantaila itzela da. Administrazioa efizientea da eta malgutasun handia eskaintzen zaio langileari ordutegi malgua edukitzeko. Hemen ez du inork espero ordu estrak egitea edo berandu arte lan egitea.
Bestetik, badago oso ohitura sanoa inor zure akatsengatik ez estresatzeko. Hau da, ez dira besteei presa sartzen dieten horietakoak beraiek berandu dabiltzalako. Espainian eta Euskal Herrian ezberdina da hori. Beti presaka eta korrika gabiltza. Zientzialariok ere badugu bizitza duinago bat edukitzeko aukera soldatak gastuekin alderatuta beste herrialde askotan baino hobeak direlako. Lanera bizikletan joateko aukera dugu, baratza eduki eta mendira edo lakura joan. Leku lasaia nahi duen batentzat leku aproposa da.
Zientzialariek kanpora joan behar izaten duzue askotan. Nolakoa da Euskal Herriko egoera?
Biktimizazio batean sartu baino lehenago beharraren eta aukeraren artean ezberdintzea gustatuko litzaidake. Oso positiboa da gaur egun atzerrian esperientzia bat edukitzeko aukera izatea. Zientzialaria izateko atzerrian denbora bat igarotzea ezinbestekoa da niretzako. Arrazoi askorengatik. Akademian endogamia errotik mozteko aukera bakarra da. Hizkuntza arrotzak menperatu eta beste hezkuntza sistemetatik ikasi. Euskal Herria ondo dago estatu mailan. Zenbait arlotan puntakoa izan daiteke. Baina gure erreferenteak ozeanografian beste batzuk izan behar dira, Erresuma Batua, EE.UU. edo Alemania esaterako. Tradizioz ozeanografian inbertsio handiak egindakoak dira.
Ni ez naiz aproposa Euskal Herriko ikerketaren egoeraz hitz egiteko, 18 urte nituela egin bainuen martxa, eta ez dut behin ere bertan lan egin ikerlari bezala. Hala ere, lankideek kontatuta, badakit ikerketak egiteak gehienetan egoera prekario batean bizitzea suposatzen duela: kontratu finkorik ez, soldata kaskarra eta baliabide nahiko mugatuak. Horrek behartzen zaitu bizimodu duinago baten bila atzerrira joatea, eta hori da benetan tristea dena.
Gustatuko litzaizuke etxera itzultzea?
Bai, nire lekua itsasotik gertu dago, Bidasoan. Jakitun naiz Eusko Jaurlaritzak kanpoan gaudenok ekartzeko diru laguntzak eskaintzen dituela. Esfortzu hori apartekoa da eta oso positiboki baloratzen dut. Hala ere, azken aldian Euskal Herriko Unibertsitatean dauden ikerlariek pairatzen dituzten lan baldintzei buruz irakurritakoak ez dira batere samurrak. Aurrerago ikusiko dugu non lagundu ahal dugun gehien eta baldintza duinetan edo ez egin daitekeen.