Irungo istripu batean inplikatutako gidarietako bat zendu da
Asteazken arratsaldean zirkulazio istripu bat izan zen Irunen. Gidarietako bat bihotz biriketako geldialdian sartu zen, eta Ertzaintzak jakinarazi du atzo hil zela Donostia ospitalean.
Asteazken arratsaldean zirkulazio istripu bat izan zen GI-636 errepidean, Irun parean. Ibilgailu batek eta motozikleta batek talka egin zuten. Motor gidaria zauritu egin zen, eta Bidasoko ospitalera eraman zuten. Autoaren gidaria, berriz, ihes egiten saiatu zela jakinarazi du Ertzaintzak. Hasieran “oso aztoratuta” zegoela adierazi du Ertzaintzaren prentsa zerbitzuak, beste oinezko batzuei “mehatxu” egin baitzien, eta “atxiki” nahi ziotenean, “agenteei eraso egin” ziela esan dute.
Gidaria “bihotz-biriketako geldialdian” sartu zela zehaztu du Ertzaintzak, eta osasun langileek suspertu behar izan zuten. Egonkortu zutenean, Donostia ospitalera eraman zuten, eta atzo hil egin zela jakinarazi du Ertzaintzaren prentsa zerbitzuak.
Ertzaintzak ikerketa bat abiarazi du “zorigaiztoko ezbeharra nola gertatu zen argitzeko” eta, gertatukoaren ondoren, barne arazoetarako ikerketa bat ere jarri du martxan, eta Kontrol eta Gardentasun Batzordeari helarazi dio.