Doman poligonoa eraisteko prozesua martxan dago
Gal Stadiumaren eta Iparralde hiribidearen arteko hirigintza ordenantza berriaren ondorioa izango da eraisketa.
Gal Stadiumaren inguruan irisgarritasuna, argiztapena eta segurtasuna hobetzeko hainbat lan egin dituzte eta horiek aurkezteko agerraldia egin du gaur Cristina Laborda alkateak. Auzotarrek eta kirol klubek egindako eskariaren ondoren egin dituztela hobekuntzak azaldu du alkateak.
Nagusiki, LED argiak hobetu dituzte eta eta espaloia zabaldu. Gainera, ingurua uholdeetatik babesteko lanei esker, inguru hau “askoz ere seguru eta irisgarriagoa” dela orain baieztatu dute. Izan ere, espaloiak ez zuen jarraitasunik eta kasu batzuetan errepidera jaitsi beharra zuten oinezkoek.
Uholdeak ekiditeko, berriz, Behobian hartutako neurri berdinak hartuko dituzte eta aldaketa berdinak egin. Alegia, konportak eta lurrezko ildo-bizkarrak jarriko dituzte ura sartzen dela identifikatu duten puntuetan.
Doman poligonoa
Azken lan hauez gain, alkateak aurreratu du Iparralde hiribidearen eta Gal Stadiumaren arteko eremuan hirigintza ordenantza berri bat ezartzea aurreikusi dutela, bere garaian Azken Portun egin gisan.
Bide horretan, Kostorbe Alde kalean dagoen Doman poligonoa eraisteko prozesuari ekin diote. Alkateak azaldu du udalak “erraztasunak” ematen ari dizkiola Doman enpresari eraisteko lizentziak lor ditzan. Izan ere, lizentzia hori lortzeko beste erakunde batzuei hainbat dokumentu eta baimen erakutsi behar dizkio.