Basterretxearen lana haurrek eta familiek ezagutzeko tailerrak
'Basterretxea Irunen (1958-1971)' erakusketaren harira, lau tailer eskainiko dituzte bere lana hobe ezagutzeko. 6 eta 12 urte bitarteko haurren familiei zuzendutakoak dira, eta doakoak.
Urdanibia plazan dagoen Menchu Gal aretoan dago ikusgai Nestor Basterretxea Irunen 1958-1971 erakusketa. Artista bermeotarrak Irunen egindako ibilbidearen obraren zati bat ikus daiteke bertan, Fernando Golvanok komisariotuta. Gaur, Basterretxearen lana hobe ezagutzeko eskainiko dituzten lau tailerren berri eman dute.
Tailer hauek irailaren 13, 20 eta 27an eta urriaren 4an izango dira, ostiraletan, kasu guztietan eta 18:00etan beti. Menchu Gal aretoan ez ezik, Udal Euskaltegian ere egingo dira tailer horiek eta 6 eta 12 urte bitarteko haurrei eta haien familiei zuzendutakoak dira. Iraupena, 90 eta 120 minutu artekoa izango da.
Tailer bakoitzaren hasieran, erakusketara joango dira bertaratzen direnak, eta jarraian, Euskaltegiko gela batean egingo dute tailerra. Doakoak dira tailerrak, baina aurretik izena eman beharko da, eta horretarako epea irailaren 2an irekiko da eta urriaren 3an itxi.
Bestalde, erakusketa bisitatu nahi duenak, asteartetik larunbatera egin dezake 18:00etatik 21:00etara, edota igande eta jaiegunetan 11:30etatik 13:30etara.
Tailerrak
Irailaren 13an: Eskultura batean bizi
Tailer honetan, collage arkitektonikoaren teknika landuko da, Basterretxearen eskulturen irudien bidez. Artistak berak ere teknika horrekin lan egin zuen, eta haren hainbat lan ikus daitezke Menchu Galeko erakusketan. Bigarren ariketan, konposizioak egingo dira, zianotipia erabiliz. Horrek Basterretxeak egin zituen raygramak ekarriko dizkigu gogora. Horiek ere erakusketan ikusgai daude.
Irailaren 20an: Altzariak diseinatzen
Tailer honetan, Nestor Basterretxea altzari diseinatzaile gisa ezagutuko dute, eta BIOK altzarietan izan zuen garaia azpimarratuko da. Proposatutako ariketen artean, altzari bat marraztu eta diseinatuko dute, eta, ondoren, eskalan egindako gela txiki bat ere eraikiko dute, altzaria bertan jartzeko. Diseinuaren alderdia ere erakusten da Menchu Galen.
Irailaren 27an: Hiru dimentsiotan.
Tailer honetan, Basterretxeak eskulturaren esparruan egin zuen lana jorratuko dute. Lehenengo tailerrean, egurrezko piezekin egindako eskultura bat eraikiko dute taldean, eta bigarren ariketan, banakako sorkuntza-lan bat proposatuko da, eta eskuairarekin eta kartaboiarekin egindako marrazkitik abiatuta eraiki beharko dute.
Urriaren 4an: Koloreak eta formak.
Tailer honen ardatza pinturaren alorreko sorkuntza izango da. Lehen ariketan, zirriborro bat egin beharko dute paper urratuarekin (kartulina-zatiak hondo beltzaren gainean). Tailerraren bigarren zatian, taldean horma-irudi bat sortzeko aukera izango da.