Inguruko artisten lana balioan jartzeko, I. Bideoklip Lehiaketa
Hondarribiko, Irungo, Hendaiako eta Bortzirietako artistek parte hartu dezakete lehenengo edizio honetan. Lanak urriaren 1a baino lehen bidali behar dira.
Azaroaren 14, 15 eta 16an egingo dute Amua Musika Film Laburmetrai jaialdiaren laugarren edizioa eta haren baitan bi egitasmo sortu dituzte: I. Amua Bideoklip lehiaketa eta gazteentzako bideo musikalen tailerra.
Iaz jaialdiaren balorazioa egiterakoan herriko artista eta sortzaileen falta sumatu zutela kontatu du jaialdiko garaikurrak diseinatzeaz arduratzen den Judas Arrietak: «Urte hauetan guztietan sekzio ofizialera aurkeztu diren lan guztiak kanpotarrak izan dira. Hurrengo edizioei begira inguruko artista eta musikarien presentzia lortu nahi genuen». Helburu horrekin sortu dute bideoklip lehiaketa. Bertakoez gain, deialdia Irungo, Hendaiako eta Bortzirietako udalerriei ere zabaltzea pentsatu zuten. Epaimahaia, berriz, Koldo Almandoz zinema zuzendari donostiarrak, Naia del Castillo artista eta argazkilari bilbotarrak eta Pablo Ribera skate eta surfean aditua den argazkilariak osatuko dute.
Amua elkarteko kideentzako garrantzitsua da bertako zein inguruko talentua balioan jartzea eta horretarako jaialdia plataforma egokia zela pentsatu zuten: “Uste dugu jaialdia izan zitekeela plataforma on bat konturatzeko kanpoan gauzak egiten ari direla, baina hemen ere gauza onak egiten ari direla ikustarazteko”. Bideoklip lehiaketako talde irabazleak Amua Jaialdian zuzenean jotzeko aukera izango du eta lehen 10 bideoklipak EITBren onlineko plataforman ezarriko dituzte. Gainera, datorren urtean jaialdia kalera ateratzeko lanean ari dira. Hau da, hondarribiko auzoetan jarduera txikiak antolatzea eta horietan bideoklipak proiektatzea da asmoa. “I. Bideoklip Lehiaketa ez da soilik lehiaketa itxi bat saritzeko eta listo, Amua festibala kalera atera nahi dugu. Hau da, jendea entretenitzeaz eta guk maite duguna helarazteaz gain, inguruko jendearen lana zabaldu nahi dugu” zehaztu du Arrietak.
Lanak bidaltzeko azken eguna urriaren 1a da. Oinarriak amua.eus-en ikus daitezke eta lanak amuahondarribia@gmail.com helbidera bidali beharko dira.
Gazteentzako bideo musikalen tailerra
Bideoklipei buruz pentsatzerakoan askotan telebistan ikusten diren “ia-ia pelikula moduko” horretan pentsatzen dela uste du Arrietak, baina egun, musika zabaltzeko modu asko zabaltzen ari direla. Hori kontuan izanik, gazteengan jarri zuten fokua: “Pentsatu genuen gazteak gaur egun sakelekoa erabiltzen bideo motzak, musika… egiten dutela. Halako ariketak egiten dituzte jakin gabe pieza bereziak sortzen ari direla, eta hori bada musika zabaltzeko beste modu bat”.
Tailerraren bidez gazteek sortu ditzaketen proposamenak ikusi nahi dituzte elkarteko kideek. Laborategi moduko bat sortu nahi dute, artista eta gazteen arteko hartu emana eta kreatibitatea sustatuko dituena.