Hondarribiak ez du Kontxarako txartelik lortu
Pronostiko guztien kontra, txartelik gabe gelditu da Ama Guadalupekoa eta ez da arituko Kontxako Banderan.
Pronostiko guztien kontra, Hondarribiko emakumeek ez dute txartelik lortu datozen bi igandeetan jokatuko den Kontxako Banderan parte hartu ahal izateko. Denboraldi bikaina osatu dute Ama Guadalupeko ontziko arraunlariek, eta gaur sailkatze estropadaren aurretik, ziurtzat ematen zen arraunaren olinpiada den Kontxako Banderan ariko zirela datozen bi igandeetan.
Ez da horrela izan, zoritxarrez, denboraldi osoan zehar gogorretik lan egin badute ere. Hori du kirolak, ezustekoak ematen ditu. Onerako dira batzuk, txarrerako besteak. Hori bai, lana gogorretik egin duten sentsazio betearekin bukatuko dute, Euskotren Ligaren sailkapen orokorrean bosgarren postuari eutsi diotelako, ohorezko txandako traineruen pare jarrita estropada bat baino gehiagotan. Harrotasunerako arrazoiak soberan berdeek, egin duten denboraldiari begiratuta.
Gaurkoa zalantzarik gabe, kolpe handia izan da berdeentzat. Hala adierazi du Miren Garmendia patroiak: “Oso triste gaude. Arraunlarientzat ametsa da Kontxa. Oso negu gogorra izan dugu eta ez sailkatzea kolpe gogorra izan da”.
Jakitun azaldu da ere ETE Ligako ontzietako batzuk “gogorretik” zetozela, “Kontxarako ez sailkatzea, kolpea izan da. Ondo entrenatu dugu, maila eman dugu, baina besteak gehiago izan dira gaurko estropadan”.
Horrenbestez, azkenean Oarsoaldea eta Bidasoko ordezkarien artetik traineru bakarra arituko da datozen bi igandeetan Kontxako banderaren lehia handian, Hibaika. Estropada, eta batez ere, bigarren luze gogoangarria egin dute errenteriarrek eta bosgarren denborarik onena ezarri gaurko estropadan. Iñaki Mendizabal entrenatzailea pozik oso entrenatzen duen eskifaiak lorpen handia izan duelako gaurkoan, “bestalde tristura dut, Hondarribia ez delako sailkatu eta bi alabak hor ditudalako arraunean”.
San Juango traineruak ere hartu du parte gaurko sailkatze estropadan. Talde berri eta gaztea oso da Batelerena eta txartela lortzetik urruti gelditu bada ere, lan polita egin dute gaur.