Mugikortasuna erdi-erdian jarriko du Hondarribiak irailaren 19tik 22ra
Mugikortasunaren Europako Astearekin bat eginda herritar guztiei begira egitarau zabala ondu dute udalak eta Balazta elkarteak.
Mugikortasunaren Europako Astearekin bat egingo du Hondarribiak, eta horren barruan, irailaren 19tik 22ra herritar denei begirako egitarau zabala ondu dute udalak eta Balazta Bidasoaldeko Bizikletaren Aldeko elkarteak elkarlanean. Gaur goizean eman dituzte xehetasun guztiak Estitxu Urtizberea alkateordeak eta Gorka Obeso Balazta elkarteko ordezkariak.
Emakumeei begirakoa izango da antolatu duten lehen jarduera, Emakumeak txirrindan: kaleak eta errepideak gureak ere badira ikastaroa. Irailaren 19an, 18:30etik aurrera egingo dute Talaia Biteri eskolan. Bizikleta erabiltzaile artean dagoen genero arrakala murriztea da helburua, horretarako, emakumeak ahaldundu nahi dituzte askotariko tresnak emanda. Argi esan dute, “ez da bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaroa, errepidera jauzia egitekoa baizik eta horretarako behar besteko tresnak jarriko ditugu parte hartzaileen eskura. Emakumeak errespetu gehiago dio errepideari, datuek horrela diote”, azaldu du Urtizbereak.
Ikastaroan parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea. Horretarako egin klik hemen. Parte hartzen duten emakumeei zaintza zerbitzua eskainiko zaie.
Irailaren 20an, berriz, bi jarduera antolatu dituzte; ikasleei begirakoa bata, eta adineko pertsonei begirakoa, bestea. Bizibusa ikasleei zuzendutakoa da eta Talaia Bordari ikastetxeko ikasleei egun horretan eskolara bizikletaz joateko proposamena luzatuko diete horren barruan. Hori horrela, hainbat geltoki zehaztu dituzte ibilbidean: Anttoni Etxeberria Mendizabal plaza (8:30 ), Gernikako Arbola plaza (8:35), Martxoak 8 plaza (8:40), Donostia kalea, eskailera mekanikoen ondoan (8:45) eta Sokoako errotonda (8:50). Asmoa da, Bizibusa 8:55ean iristea Talaia Bordari ikastetxera.
Bizibusarena ez da jarduera berria. Guraso elkarteak eta Balaztak duela urte batzuk jarri zuten martxan, baina bertan behera geratu zen, eta orain, hura berreskuratzeko saiakera egin nahi dute. Bizibusa, Balazta elkarteak gidatuko du.
Adineko pertsonei begira berriz, irailaren 20an bertan, eta astero egiten badira ere Tipi-tapa ibilaldi osasungarriei aitortza egin nahi diete. Horri begira, ordu eta laurdeneko irteera egingo dute 11::00etan Itsas Etxea auditoriotik abiatuta.
Irailaren 22an bukatuko da ondu duten programazioa, Autorik Gabeko Nazioarteko Egunean. Bizikleta Martxa eta herri bazkaria antolatu dituzte horretarako. Familian egiteko jarduera da; Martxa Gernikako arbola plazatik abiatuko da 10:30ean eta bazkaria 13:00etan aurreikusi dute Mendelun.
Egun horretarako gainera, auzo festa antolatu dute Mendeluko Amutalde kalean, hori berritasun nagusia. 11:30ean hasita, umeentzako jarduera eta jolasak izango dira: balanzbike zirkuitoa, txikientzako ezy roller eta mini motoen zirkuitua, puzgarriak, playmais tailerra, aurpegia margotzeko tailerra, musika… Aurten Mendeluko errepidea ixtea lortu dutela jakinarazi dute gainera. Izan ere, Mendelu auzoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumena den errepide batek zeharkatzen du eta duen trafiko dentsitate handiak auzo izaera erabat baldintzatzen duela azaldu dute: “Gainera ez dago egokitua oinezkoentzat eta bizikleta erabiltzaileentzat. Udalak errepide hori bere eskumena izatea nahi du, beste mugikortasun eredu bat ezartzeko, iraunkorragoa”. Festa horrekin, hala, udalak errepidea kale bihurtzeko duen ahalmena aldarrikatu nahi duela gaineratu dute.
Jarduerak ostegunetik igandera izango badira ere, astean zehar adinekoek kaleetatik zehar trizikloan paseatzeko aukera izango dute. Nagusikletaren aterkipean antolatzen dute jarduera hori urtean zehar Nagusilanek eta Balaztak elkarlanean, eta batez ere, Betharram eta San Gabriel egoitzetako egoiliarrak dira erabiltzaile nagusiak.
Mugikortasun eta hirigintza ereduen gaineko hausnarketa
Egun nagusi diren mugikortasun eta hirigintza ereduen gaineko hausnarketa prozesua du zabalik Hondarribiko Udalak herriko hainbat eragilerekin elkalanean. Horretarako, Mugikortasun Mahaia eratu du, eta bertan, hondarribiarrek bere kezka eta proposamenak plazaratzeko aukera dute. Une honetan hiru iniziatiba ditu eskuartean mahaiak: herri busaren ezarpena, herriko terrazak arautuko dituen ordenantzaren idazketa, eta aparkalekuen azterketa.
Halaber, oinezkoen, bizikleta erabiltzaileen eta auto gidarien arteko elkarbizitza hobetzea ere badu helburu Mugikortasun Mahaiak, eta horrekin lotuta hainbat iniziatiba bultzatu ditu: Ttipittapa sentsibilizazio kanpaina, herritarrak udalerriko distantziaz kontzientziatu eta oinezko mugikortasuna sustatzeko; Talaia Alaia, eskola inguruak hobetzeko eta seguruagoak, osasungarriagoak eta inklusiboagoak izan daitezen; hiri barruan autoen abiadura murrizteko hartu diren neurriak; edota, bizikletak aparkatzeko egokitu diren guneak, eta Amuteko bizikletak garbitzeko gunea.